Gaurko agerraldian azaldu dutenez, zergadun bakoitzeko kostua aztertzen denean, aldea "are argiagoa" da: "Atez ateko sistema 125,62 eurokoa da zergadun baliokide bakoitzeko, eta edukiontzien sistema, berriz, 78,31 eurokoa. Herri bakoitzak bere sistema aukeratzeko askatasuna badu –atez atekoa edo edukiontziak–, askatasun horrekin batera, sortzen duen kostuaren gaineko finantza-erantzukizuna ere izan behar du. Praktikan, atez-atekoa mantentzea %60 gehiago kostatzen da erabiltzaile bakoitzeko, eta Mankomunitateak gainkostu horiek herri guztiei aplikatzen badizkie ere, elkartasunaren printzipioa aplikatuz, emaitza kutsatzen duenak ordaindu egiten du printzipio europarraren aurkakoa. Bi herrik sistema askoz garestiagoa erabiltzen dutenez, gainerako herrietako tasak garestitu egiten dira".
Sasieta Mankomunitatearekin konparaketa
EAJren arabera, gaikako bilketa tasen datuek erakusten dute ez dela sistema mota birziklatzea bermatzen duena: "2025ean, Beasainek, edukiontziekin, %78ko birziklapen tasak lortu ditu, Oñatikoak edo Antzuolakoak baino handiagoak. Oñatin %74,34koa da, Antzuolan % 77,29koa, Bergaran % 72koa eta Aretxabaletan % 71,62koa. Erabakigarriena ez da erabilitako sistema, baizik eta herritarren inplikazioa, zerbitzuaren kalitatea eta azpiegiturak".
Gaineratu dutenez, Debagoienekoa Sasietako Mankomunitatearekin alderatzea "saihestezina" da: "Han, gehienbat edukiontzietan oinarritutako sistemarekin, Beasainek %78 birziklatzen du. Zaldibiak baino tasa handiagoa du: atez-ateko sistema erabiltzen du eta birziklapen tasa %77an kokatzen da. Beasainen herritarrentzako kostua nabarmen txikiagoa da; izan ere, batez besteko etxe bakoitzak 139,70 euro ordaintzen ditu, eta Zaldibian, berriz, 178,73 euro, ia 40 euro gehiag. Datuak erakusten du posible dela emaitza berdinak edo hobeak lortzea sistema merkeago eta eraginkorrago batekin".
Egoera "bereziki kezkagarria" industria, merkatari eta ostalarientzat
Jeltzaleek salatu dute egoera "bereziki kezkagarria" dela merkatarientzat: "Egungo tarifa sistemaren ondorioz, atez ateko gainkostua barne, Debagoieneko establezimendu batzuek 6.000 euro baino gehiago ordaintzen dituzte urtean. Edukiontzietan oinarritutako sistemak dituzten ondoko eskualdeetan, enpresa-profil horiek nabarmen gutxiago ordaintzen dute".
Kontsulta baterako proposamena
Hala, bi ondorio nagusi azpimarratu ditu Debagoieneko EAJk gaurko agerraldian: "Lehenengoa, birziklatze maila berdina edo hobea lor daitekeela sistema eraginkorrago, merkeago eta kostuen banaketa bidezkoago batekin. Eta, bigarrena, Debagoienean eztabaida lasaia eta herritarren kontsulta irekitzeko unea iritsi dela bilketa ereduari buruz, bere garaian Bergaran, Aretxabaletan eta Eskoriatzan egin zen bezala. Herritarrek eskubidea dute erabakitzeko ea gehiago ordaintzen jarraitu nahi duten gaur egun emaitza hobeak ekartzen ez dituela frogatu den sistema batengatik, edo edukiontzi adimendunen eredu moderno baterantz aurrera egin nahi duten, Europarekin lerrokatuta eta kostuen banaketa ekitatiboarekin".