Goiena Komunikazio Taldeak jasotako aitortza honekin, praktika aurreratuak dituzten eta bere interes taldeen –bezeroak, pertsonak, akziodunak eta gizartea besteak beste– asebetetze orekatua bilatzen duten erakundeak saritzen ditu Euskalitek.
Goienako Parekidetasun Taldeko liderra den Larraitz Zeberio Lekuona kazetariak jaso du aitortza, erakundearen izenean, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailburua den Mikel Jauregiren eskutik. Saria jaso ostean, Zeberiok azaldu du, Kudeaketa profesionalaren aldeko apustua "kooperatibako pertsona guztiona" dela: "Gobernantza partekatua dugu; udalak, euskara elkarteak eta lan bazkideak. Pertsonak eta bezeroak dira urrezkoak Goienan".
Zeberiok gaineratu duenez, Goiena Komunikazio Taldearen helburua, "Komunitatean inpaktua sortu eta eragitea" da. "Euskarazko kazetaritza erreferente izatea nahi dugu komunitate kohesionatuagoa, demokratikoagoa eta euskaltzaleagoa izateko. Zelan? Kazetaritza eginez, kazetaritzan sinistuz eta kazetaritza zintzo praktikatuz. Gu komunitate oso baten parte baino ez gara eta komunitate horrentzako da urrezkoa", esan du Zeberiok.

Kudeaketa eredu aurreratua
Goiena Komunikazio Taldeak bere kudeaketa sistema ebaluatzeko eta hobetzeko kudeaketa aurreratuaren eredua erabiltzen du erreferente gisa. Euskaliteko Ebaluazio Klubeko taldeak, ebaluazioa txostenean honako hau adierazi du: "Goiena bere bailaran erreferente den erakunde berritzailea dela antzeman dugu. Bere balio sendoak langileen artean sustatzen ditu, hauen bitartez bere inguruan zabalduz eta gizarteratuz. Horrela bizi dute bertan lan egiten duten pertsonek ere: kultura propioa, sakona eta partekatua dute. Balio horien sustapenean eta lantaldeen antolaketan oinarrituta, Goienak bere beharretara egokitutako kudeaketa sistema baliagarria diseinatu du eta identifikatu dituen hutsuneak asetzeko tresna egokitu eta berritzaileak sortu ditu. Tresna horien garapenean, inguruko praktikak aztertu eta aliantzak bultzatu ditu bere helburuak lortzeko bidean".
"Goienak, estrategiaren kudeaketarako sistematika praktiko eta arina landu du azken plan estrategikoaren baitan, informazio esanguratsua biltzeko anitz iturri erabiliz eta prozesu parte hartzaile eta sistematikoa garatuz. Sistema erabilgarria eta funtzionala da bere estrategia sortu eta zabaltzeko".
Batura Movilek, Brontzezko A
Bestetik, Goiena Komunikazio Taldea kide den Tokikom euskarazko komunikabideen elkarguneak eta eskuko telefonoetarako zein tabletetarako aplikazioak garatzen dituen Batura Movilek Brontzezko A Kudeaketa Aurreratuari Euskal Saria jaso dute. Guztira, 18 erakundek jaso dute aitortza Donostiako Kursaaleko ekitaldian.