Udan martxan jarritako ekimen honek bakardadearen prebentzioa eta lanketa komunitarioa jartzen ditu erdigunean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren “Hariak” estrategiaren baitan. Helburua eskualdeko harreman-sareak sendotzea eta egunerokoan gertatzen diren bakardade-egoerei ikuspegi integral eta koordinatutik heltzea da.
Inkesta eta elkarrizketen emaitzak
Lehen diagnostikoa osatzeko, elkarrizketa kualitatiboak eta online zein paperez jasotako galdetegiak erabili dira. 444 herritarrek hartu dute parte inkestetan, eta datuek baieztatzen dute bakardadeak eragin handia duela eskualdeko biztanleen artean. Inkestatuen %26k dio askotan edo beti bakarrik sentitzen dela, 65 urtetik gorakoen artean, portzentajea %22koa da. Parte-hartzaileen %75,1ek bakardade emozionalaren adierazleren bat du: hutsune-sentsazioa, inguruko pertsonen faltaren pertzepzioa. Datu hauek erakusten dute bakardadeak ez duela soilik dimentsio pertsonala, faktore sozial, komunitario eta emozionalen arteko loturak agerian uzten ditu.
Datozen ekintzak: hitzaldiak eta esperientzia topaketak
Diagnostikoaren ondoren, Debagoiena Ehuntzen proiektuak herritarrei zuzenduriko programazio zabal bati ekingo dio. Urtarrilean Elisa Sala Mozos ikertzaile eta gizarte-aholkulariak gidatutako hitzaldiak antolatu dira Debagoieneko herri guztietan; bakardadea zer den, nola antzematen den eta nola eraiki daitezkeen komunitate-lotura sendoagoak azalduko dituzten saioekin. Arrasaten, dagoeneko, azaroan egin zen hitzaldia. Data eta tokiak honakoak dira, guztiak arratsaldeko seietan izango dira:
- Bergara – Urtarrilak 19, Udaletxeko Pleno aretoan
- Aretxabaleta – Urtarrilak 20, Karmele Igartua aretoan
- Eskoriatza – Urtarrilak 22, Kultur Etxean
- Antzuola – Urtarrilak 27, Olaran etxean
- Oñati – Urtarrilak 28, Kultur Etxean
- Elgeta – Urtarrilak 29, Espaloi Kafe Antzokian
- Leintz-Gatzaga – Urtarrilak 30, Liburutegian
Otsailean Espainiar Estatuko eta nazioarteko proiektu eta praktika aurreratuak ezagutzeko aukera egongo da. Jardunaldi hauen bidez, beste lurralde batzuetan lortutako esperientziak partekatuko dira, Debagoienera egokitzeko eta eskualdeko erantzun komunitarioa indartzen jarraitzeko asmoz.