Bailarako jaiak jasotzen ditu 2026ko Goienakide egutegiak

Koldo Zubia Salas 2025eko abenduaren 5a

Elgetako koko-batzea, egutegiko azalean. Argazkia: Iban Arantzabal.

Debagoieneko herrietako eta auzoetako jaiak biltzen dituen egutegia jasoko dute gaurtik aurrera Goienakideek. Aurtengo gaia jaiak dira eta GOIENAk hamabi jai aukeratu ditu hilabete bakoitzeko irudi gisa.

Hirugarren urtez egin du Goienak Goienakideentzako egutegia, eta gaur –egubakoitza– banatuko da etxez etxe. Egutegiak bailara ikuspegia badu ere, Gipuzkoako eta Euskal Herri osoko jai egunak ere jasotzen ditu. 

Aurtengo gaia: jaiak

Meatzerrekako San Baleixoak, Bergarako Erramu-zapatua, Leintz-Gatzagako Sanmilixanak... Bailarako jaiak dira aurtengo egutegiaren gai nagusia, hala, hamabi jai aukeratu ditu GOIENAk hilabete bakoitzeko irudi gisa. Airetik hartutako argazkiek jaiak beste ikuspuntu batetik erakusten duten erreportajeak osatzen dute egutegia. Monika Belategik Puntua-ko erredaktorreburak adierazi duenez, jai txiki zein handiak, guztiak  aintzat hartu gura izan dira: "Arnasa dira jaiak eta arnasa hori etxeraino eraman nahi izan dugu egutegiarekin. Jai handiagoak eta txikiagoak, denetarik dugu bailaran eta horren erakusle ere bada egutegia, bertan jaso diren argazkien bitartez".

Debagoieneko egutegia

Goienakideentzako egutegia izanik, Debagoiena du ardatz honek. Hala, bertako herri, auzo eta kaleen jaien datak eta, oro har, egun seinalatuak jaso dituzte egutegian; "espero dugu baliagarri, erabilgarri eta gustuko izatea", esan du Belastegik. Eskerrak ere eman nahi izan ditu, "data seinalatu guztiak biltzeko, komunitatearen parte-hartzea ezinbestekoa" izan delako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak