Azken urteetan, D2030 sareak bidea ireki du eskualdeko garapen jasangarriaren alde, lankidetzaren bidez, baina, 2026 urtearen amaieran, sare horren aroa itxi egingo da. Debagoieneko Mankomunitateak hartuko du lidergoa, eta, horretarako, herritarrak, erakundeak eta eragile sozial zein ekonomikoak gonbidatu ditu etorkizuneko eskualdea elkarrekin irudikatzera. Lankidetzan, geroa eraikitzen izenpean egingo da prozesua, eta helburua da "Debagoieneko erronka eko-sozialei erantzuteko gobernantza-eredu partekatua sortzea eta eskualdearen etorkizuna modu kolektiboan bermatzea".
Galdera nagusia
Mankomunitatetik ohar bidez jakinarazi dutenez, galdera nagusia da "nola antolatu Debagoieneko ekosistema, erronka sozial, ekonomiko eta ekologikoei erantzuteko, modu kolektiboan eta bidezkoan"; eta prozesuaren helburua izango da "galdera horri erantzuteko lankidetzazko gobernantza-eredua definitzea, hau da, zeinek, nola eta zertarako egingo duen lan bailararen etorkizuna eraikitzeko". Eta horrekin batera, beste hiru langai ere izango dituzte: "D2030 sareak utzitako ikaskuntzak jasotzea; etorkizuneko erronkak eta horiei heltzeko behar diren baliabideak adostea; eta instituzio, gizarte eta eragileen arteko konfiantza eta lankidetza sendotzea".
Bide-orria
Prozesuak 2025eko urritik 2026ko ekainera arte iraungo du, hiru une nagusitan banatuta:
- Azaroan, abiapuntua partekatu.
- Abendutik otsailera, gobernantza-eredua eta bide-orria marraztu.
- Martxotik ekainera, emaitzak adostu eta hurrengo urratsak zehaztu.
Ondoren, 2026-2027 ikasturtean, ekintza plana jarri gura dute martxan, "definituko diren erronkak modu kolaboratiboan abordatzeko".
Parte-hartze egitura ezberdinak
Prozesuak parte-hartze egitura ezberdinak izango ditu:
- Talde eragilea: metodologiaz eta koordinazioaz arduratuko da.
- Gogoeta-gune irekiak: eskualdeko eragile eta herritar guztiei zabalik egongo dira, hausnarketak eta proposamenak egiteko.
- Hazia Batzordea: D2030en ibilbidea baloratu eta etorkizunerako erabilgarriak izango diren ikaspenak jasoko ditu.
- Berme Batzordea: udaletan ordezkaritza duten alderdiez osatutako jarraipen batzordea izango da.
Topaketen egutegia eta izen-ematea
Azaroaren 19an egingo da lehen saioa, Arrasateko Etxaluze eraikinean, Axeri gelan, 18:00etatik 20:00etara; abiapuntuko egoera partekatuko dute. Hurrengo saioak urtarrilaren 27an, martxoaren 4an eta maiatzaren 13an izango dira: lehen bietan, gobernantza-eredua irudikatuko dute; eta hirugarrenean, emaitza adostu eta prozesua ebaluatu.
Izen-ematea zabalik dago, https://form.jotform.com/252862226182053 estekaren bitartez.