Arena Power Solar 10 SLU enpresak –Madrilen eta Sevillan du egoitza– egin du eskaria eta, urriaren 17tik, ikusgai daude parke eolikorako aurkeztutako aurretiazko administrazio-baimen eskaera eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio prozedura arruntaren hasiera, hari lotutako azpiegiturenarekin batera; Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak jarri ditu jendaurrean.
Sei aerosorgailuk osatzen dute parke eolikoaren proiektua, eta horietatik hiru Debagoienean daude kokatuta; Bergaran, zehazki; bi, Eibarren; eta bat, Soraluzen. Bergarako lurretakoak Donejakue –Santiago ermita–, Topinburu eta Aingeru Guarda inguruetako parajeetan joango dira, enpresak aurkeztutako txostenean jasotako mapetan ikus daitekeenez.

Potentzia eta tamaina
Azpiegitura osoaren potentzia 28 MWkoa izango da, guztira: bost aerosorgailuk 4,99 MW-ko potentzia izango dute, bakoitzak; eta batek –Bergaran egitea aurreikusten direnetako batek–, 3,05 MW-koa. Tamainari dagokionez, aerosorgailu bakoitzaren dorreak 112 metroko altuera izango du; errotorearen diametroa 175 metrokoa izango da; eta 85,7 metroko hiru pala izango ditu. Egoitza nagusia Alemanian duen Nordex Group-en N175- 6.X modelokoak izango dira. Datu meteorologikoak jasotzeko, neurketa dorre bat egongo da, Soraluzen.
Proiektuak aurrera egiten badu, parkeak Elgetatik izango du sarrera, erdigunetik Eibarrerako bidean hiru kilometro aurrera eginda. Hain zuzen ere, Azurtza-Goimendi auzotik. Lanek eragingo dute Arrasateko lurretan ere.

Bergaran eta Elgetan lanean
Bergarako eta Elgetako udal gobernuen izenean, Gorka Artola eta Ibon Unzetabarrenetxea alkateek adierazi dute enpresak eurengana jo zuela, baina proiektua publiko egin denera arte "informazio oso mugatua" izan dutela. Diotenez, bitarte horretan gerturatu dira herritar batzuk galdezka, eta eman diete zeukaten informazioa, baina "batzuetan, sustatzailearekin harremana izan duten inguruko jabeen bidez, zeharka, informazio gehiago iritsi zaigu handik honako noranzkoan alderantziz baino", azaldu du Bergarako alkate Gorka Artolak.
Alegazioei buruz galdetuta, hau gehitu du: "Halako inpaktua izan dezaketen proiektuetan aukera hori betebehar bihurtzen dela uste dugu. Udalak, arduraz jokatuz, proiektua aztertu eta beharrezko alegazioak landuko ditu ikuspegi urbanistikoan edo ingurumenaren inguruan sumatu daitezkeen gabezien aurrean, eta halako proiektu batean oso zaila da akats edo gabeziarik ez izatea".
Unzetabarrenetxeak erantsi du "proiektuaren tamaina dela eta, alegazio-epea luzatzeko eskatu" dutela. Eibar, Soraluze eta Arrasateko udaletako ordezkariekin hartu-emanetan daudela eta alegazioak batera lantzeko aukera aztertzen ari direla jakinarazi dute eta "posible izaten ez bada, informazioa elkar-trukatzen eta koordinatzen saiatuko" direla. Alkate biek gogoratu dute, dena den, trantsizio sozioekologikoarekin lotutako gaiak lantzeko bailara mailan Argitzen prozesua dagoela martxan.