Arrasatearrak nagusi oñatiarren aurrean, derbi gogor bezain parekatuan (27-25)

Jokin Bereziartua Lizarazu 2025ko urr. 25a, 17:36

Oñatiarren erasoaldi bat.

Eskubaloi derbia izan da gaur, hilak 25, Arrasateko Iturripe kiroldegian. Etxekoek Oñatiko Fagor Professional taldea hartu dute eta lehia parekatu bezain gogor baten ostean etxean geratu da garaipena (27-25). 

Partidu osoan zehar estu joan da markagailua, gehienez bizpahiru goleko aldearekin, eta atsedenaldira 14-13 heldu dira. Bigarren zatian hobeto hasi dira oñatiarrak eta markagailuan aurretik jartzea lortu dute tarte nahiko luze baten zehar; hala ere, azken txanpan gogotik estutu dute arrasatearrek eta bizpahiru goleko aldea lortu dute. Alde hori lortu izana gakoa izan da arrasatearrentzat azken minutua gehiegi sufritu barik igarotzeko. Derbiak beti dira berezi, eta hori igarri da gaur Iturripen. 

Kapitainen balorazioak

Amaieran, bi taldeetako kapitainekin egon da GOIENA. Batetik, arrasatearren gidari Eki Letona –azken txanpan egotzi egin du epaileak hirugarren bi minutuko zigorra pilatzeagatik– pozik zegoen taldeak egindakoarekin: "Hasieratik bagenekien partidu gogorra izango zela, azken unera arte egongo zela borroka. Erabaki hobeak hartu izana eta intentsitate apur bat gehiagorekin jokatu izana izan dira, nire ustez, gaurko garaipenaren gakoak. Talde bat izan gara gaur, eta talde bat garenean zaila zaie aurkariei gu menderatzea. Pozik egon gaitezke egindako lanarekin".  

Txanponaren beste aldean, Fagor Professional taldeko kapitain Beñat Biain: "Arrasateren kontrako partiduak beti dira gogorrak, eta balantza edozein aldera eror daiteke. Baja askorekin etorri gara, eta ez dugu gure partidua egin. Erasoan ideia gehiegi barik ibili gara eta eurak hobeto ibili dira defentsan gu baino. Partidu parekatua izan da, oro har". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak