Debagoieneko Energia Bulegoa martxan, zerbitzua erabiltzera deitu dituzte herritarrak

Imanol Beloki Unamuno 2025ko urr. 24a, 13:40

Negua ate-joka, Debagoieneko Energia Bulegoa bailarako herri guztietan dago erabilgarri, herritarrei informazioa eta aholkularitza emateko prest. Argindarraren edota gasaren fakturaren inguruko informazio emango zaie herritarrei, baita elektrizitate eta gasaren merkatu arautuen zein libreen gaineko xehetasunak ere, besteak beste.

Energia bulegoak martxan daude Debagoieneko herri guztietan, herritarrei laguntzea eta zalantzak argitze helburu izanda. Izan ere, energiarekin lotuta ezagutza falta dagoela jabetu da Debagoieneko Mankomunitatea eta informazio erabilgarria herriz herri ematen ari da jasangarritasunaren eskutik. Honela "Ikusi duguna da energiaren gaiarekin lotuta, ezezagutza bat badagoela, eta, oinarrizko zerbitzu bat den heinean, energia eta gasa etxe guztietan dugun horretan, garrantzitsua ikusi dugu bulego baten bitartez, fakturen irakurketak azaldu, eta, energiaren inguruko beste azalpen batzuk emateko ere bulego bat izatea", adierazi du Xabier Igartuak, Debagoieneko mankomunitateko lehendakariordeak. 

 

Zerbitzu ibiltaria

 

Zerbitzua doakoa eta ibiltaria da, eta horretarako kanal ezberdinak daude eskuragarri [Hemen webgunea]. Aurrez aurreko arreta, asteko egun bakoitzean herri batean izaten da toki eta ordutegi jakin batean.

  • Aurrez aurreko arreta, tokiak eta ordutegiak:

Ordutegia Helbidea Herria
Astelehena 9:00-14:00 Fernando Eskoriatza plaza 1 (Udaletxea) Eskoriatza
Asteartea 9:00-13:00 Nafarroa etorbidea 17, behea (Mankomunitatea) Arrasate
Asteartea 14:30-17:30 Durana kalea 13 Aretxabaleta
Asteazkena 9:00-14:00 Bidebarrieta 24, behea Oñati
Osteguna 9:00-13:00 Mendizaleen plaza, 1 (Udaletxea) Elgeta
Osteguna 14:30-17:30 San Martin plaza z/g (Udaletxea) Bergara
Ostirala 9:00-14:00 Herriko Plaza 8 (Udaletxea) Antzuola

*Leintz Gatzagan ere zerbitzua aurrez aurre emateko aukera egongo da, baina aldez aurretik hitzordua eskatu beharko da.

Berdina kontsumitu arren, gehiago ordaintzen

"Gasaren kasuan, adibidez, ikusi dugu fakturatik-fakturetara aldaketa handiak daudela. Suertatu daiteke herritar bat beste baten alean, hirukoitza ordaintzen egotea, berdina kontsumitzen. Beraz, herritar bakoitzaren egoera ikusteak merezi du, eta herritarrari gutxienez azalpenak ematea. Gero, herritarra bera izango da erabakia hartuko duena, baina, instituzioetatik gardentasun hori bultzatzea garrantzitsua dela uste dugu", nabarmendu du Igartuak.

Herritarrei eskaera

Era berean, Energia bulegotik gogorarazi nahi dute, orokorrean, neguan energiaren prezioek gora egiten dutela, eta komenigarria dela elektrizitate eta gasaren kontratuen inguruko informazio eguneratua izatea. "Bereziki komeni da jakitea zein motatako kontratua daukan bakoitzak". Hala, aurrez neurriak hartzeko eskatzen diete herritarrei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak