Hedabideetan zeharkako ikuspegi feminista egiteko aukerez jardun dute lehendabiziko mahai inguruan Amagoia Mujikak, Berriako zuzendariak, eta Isabel Valdesek, El Pais egunkariko Berdintasun arduradunak. Mujikaren hitzetan, Berriako esperientzia gogoan izanda, ikuspegi feminista hedabide batean txertatzeko baliabideak behar dira: batetik, denbora behar da, gai horri kolektiboki eutsi ahal izateko, elkarrekin hausnartu eta usteak kolektibizatzeko; bestetik, aintzat hartu behar da hautu hori egiteko baliabide ekonomikoak behar direla, pertsona bat berdintasun gaietara bideratuz gero, haren lana egiteko ordezko bat behar baita. "Pixka bat da korrika eta presaka horretatik atera eta pentsatzea zer nahi dugun benetan, iruditzen baitzaigu oso-oso inportantea dela kazetaritza feminista egitea; azken batean, kazetaritza justua eta fidagarria egin behar baldin badugu, ezin dugu ahaztu munduaren erdia. Horretarako, ordea, gauzak asko aldatu behar dira, uste baitut kazetaritza oraindik oso maskulinoa dela".
Azaldu duenez, feminismoak hedabide batean presentzia izan dezan edukiak hautatu eta nola landu erabaki behar da, eta baita lanketak egin lantaldeko kideen artean ere. "Argi dagoena da ezin dugula gauza bat saldu kanpoan eta beste bat predikatu barruan: esaten dugunarekin kontsekuenteak izan behar dugu, eta hori egin, egin behar dugu, eta hezi, hezi behar dugu. Nik uste dut heziketa etengabekoa izan behar dela".
Sexu-indarkeriaz idaztea
Sexu-indarkeriak ikertzeaz eta idazteaz jardun zuten beste mahai-inguru batean Ana Marcos, Ana Requena eta Zuriñe Rodriguez kazetariek, eta ustez neutroak diren kazetaritza arauei buruzko ohartarazpen bat egin nahi izan du Rodriguezek, hala ez dela iritzita: "Arau patriarkalak dira; alegia, sortu genituenenean arau hauek ez genuen pentsatzen emakumeen ahotsa egongo zela, zaurgarria den jendearen ahotsa egongo zela... Sortu ditugun norma batzuk, horrenbestez, biziki patriarkalak dira. Orduan, zer gertatzen da, adibidez, indarkeria sexuala ikertzen dugunean?".
Bada, galdera horri erantzunez, aipatu du indarkeria sexuala ez dela paper baten bidez demostratzen, testigantzak direla euren iturria, eta horrelako kasuak lantzeko metodologia feministak eta enpatia behar direla. Iturriei dagokienez, esaterako, azpimarratu du izen-abizenak dituzten arren, anonimoak izaten direla sarritan, kanpotik nortzuk diren aipatzeko exijitzen dieten arren, informazioa asmatua dela iritzita. Anonimotasun horrek, ordea, badu bere zergatia: "Inpunitatea existitzen delako, presioa jasotzen dutelako, eta segurtasun kondizioak ez daudelako honen inguruan hitz egiteko; niretzako hori da benetan kezkatu behar gaituena, ea zergatik ezkutatu behar duen emakume batek bere izena edo irudia".