Martxan da Argitzen prozesuaren deliberazio-fasea

Mireia Bikuña 2025ko urr. 19a, 08:30

Argitzen-en Herritarren Batzarrak eginiko lehen saioa, Miguel Altuna Institutuan. Irudia: Argitzen.

2025eko maiatzean aurkeztu zen Argitzen prozesua heldu da "mugarri nagusira": Herritarren Batzarraren unera. 50 herritarrez osatutako taldeak atzo egin zuen lehen saioa, eta beste lau egingo dira, energia-kontsumoa murrizteko eta energia berriztagarrien garapenerako gomendio-sorta adosteko. Azaroaren 29rako eduki beharko dute prest, Mandatu Organoari emateko.

Puntua aldizkariaren 472. zenbakian argitaratutako erreportajea da honakoa. Horrelakoak gustuko badituzu egin zaitez Goienakide eta astero-astero jasoko duzu Puntua zure etxean.

Argitzen prozesuaren aro erabakigarriena heldu da, Herritarren Batzarra atzo, urriak 18, hasi baitzen lanean, Bergarako Miguel Altuna Institutuan. Zein ekintza edo aldaketa burutu beharko dituzte Debagoieneko tokiko eragileek energia kontsumoa murrizteko eta energia berriztagarrien garapenerako? galderari erantzun beharko diete parte-hartzaileek egingo dituzte bost saioetan; horretarako, lehendabiziko saioan, elkar ezagutzeko dinamikak egiteaz gain, gaia hurbiltzeko asmoz, hainbat adituren hitzaldiak izan dituzte; hala, haiek esandakoetatik lehen ideiak identifikatu eta bildu dituzte, dinamika ezberdinen bitartez.

Hain zuzen ere, Debagoienean energia-trantsizioaren inguruan adostasunak lantzeko prozesu bat abiatzeko proposamena egin zuen D2030 sareak 2023an. Horren ondorio da 2025eko maiatzean aurkeztu zen Argitzen prozesua. Aurretik, udal gobernuek, bailarako eragileek, industria eta ehun komunitarioek elkarlanean egindako hausnarketa bat egon zen, eta hainbat ondorio atera zituzten. Ondorioetako bat izan zen erronka oso handiak eta konplexuak direla eta adostasunen beharra zegoela. Arantzazuko Gandiaga Topagunean egindako aurkezpenean esan zuten "adostasun hori lortzeko gogoeta prozesu baten beharra" dagoela eta aldaketa "eskualde mailan gertatu behar" dela, "baina adostasunetik". Besteak beste, Debagoieneko energia-trantsizioaren norabidea adosteko, herritarren eta eragileen arteko gogoeta partekatua aurkeztu zuten herririk herri, Nola adostu iraunkortasunaren norabidea? leloarekin.

Bi talde

Argitzen prozesuaren leloaren kontzeptu nagusi den norabide aldaketa hori zein noranzkotan eman lantzeko eta energia eredua aldatzeko aukerak lantzeko, bi talde sortu ziren prozesuaren baitan. Lehena, Mandatu Organoa izan zen. Sektore publiko, pribatu eta komunitarioko hemezortzi eragilek osatzen dute. Gogoeta partekaturako prozesuaren sustatzaile eta erabakigune nagusia da; eta berea izango da gomendioei erantzuna emateko ardura.

Oier Etxebarria: "Energia-trantsizioari heltzeko unea da"



Oier Etxebarria (Arrasate, 1972) Argitzen Prozesuaren Mandatu Organoko kide da.

Zergatik erabaki zenuten orain dela unea prozesua abian jartzeko?

Gure inguruan eta munduan demokrazia deliberatiboaren adibideak ezagutu ondoren, eta gure bailaran energia- trantsizioarekin daukagun erronkaren tamaina ezagututa, erabakiak herritarrekin partekatuak hartu behar direla sinistuta, bailarako eragileek demokrazia deliberatiboa praktikan jartzeko momentu ona dela ikusi genuen. Energia-trantsizioari heltzeko unea da eta herritarren ahalduntze eta hausnarketa sakon batetik datorren gomendio sorta bat erronka konplexu horri aurre egiteko modu egokiena dela uste dugu. Horregatik ipini dugu martxan.

Mandatu Organoko kide zaitugu; zein da zuen lana?

Herritarrekin egingo den eztabaidazko prozesuaren definizioa, dilemak eta galderak adostu ditugu, eta, ondoren, prozesuaren oinarriak ezarri eta prozesuaren zaintzaz arduratuko gara. Azkenik, gomendio guztiei modu bateratuan erantzuteko konpromisoa hartu dugu.

Zergatik da garrantzitsua herritarren inplikazioa?

Formakuntza jaso eta zaindutako hausnarketa prozesu baten ondoren, ausaz hautatutako herritar talde batek egiten duen gomendio sorta energia-trantsizioak daukan konplexutasunari erantzuna emateko irtenbide egokiena dela uste dugu.

Bigarren taldea Herritarren Batzarra da; alegia, Argitzen prozesuaren "mugarri nagusia". Bailarako 4.926 herritarrek jaso zuten prozesuan parte hartzeko gonbita, gutun hori baten bidez: 1.293 arrasatearrak, 1.138 bergararrak, 1.006 oñatiarrak, 602 aretxabaletarrak, 379 eskoriatzarrak, 120na elgetarrak, antzuolarrak eta aramaioarrak, eta 148 gatzagarrak. Horietatik 96 herritarrek eman zuten baiezkoa. Azkenik, zozketa zibikoz, 50 aukeratu zituzten. Herritarren Batzarra osatzeko eskualdeko argazki soziodemografikoa ateratzeko hainbat aldagai gurutzatu zituzten: herriak, generoa, adina eta jatorria.

Herritarren Batzarra

Herritarren Batzarreko kideek galdera bati erantzun beharko diote: Zein ekintza edo aldaketa burutu beharko dituzte Debagoieneko tokiko eragileek energia kontsumoa murrizteko eta energia berriztagarrien garapenerako?. Erantzuteko orduan lau irizpide hartu beharko dituzte kontuan: eskualdearen ehun industriala eta bizi baldintza, eta ereduan duen inpaktua; dependentzia energetiko maila; energia berriztagarriek biodibertsitate eta landa lurrean izan dezaketen inpaktua ahalik eta txikiena izatea; eta ahalmen eta erantzukizunen arteko proportzionaltasuna pertsonen, erakundeen, herrien eta lurraldeen artean.

Gai konplexu eta sakon horien gaineko azalpenak jaso eta sor daitezkeen zalantzen aurrean bidelagun izango dituzte arlo askotariko hamaika aditu, gaian kokatze aldera. Ponentzien bidez, bost saiotan, ezagutza jasoko dute, baita proposamenak lantzeko laguntza ere.

Bost saio

Urriaren 18an ez ezik, 25ean eta azaroaren 8an, 22an eta 29an egingo dituzte bost saioak, baina ez dira guztiak berdinak izango. Zortzina ordukoak izango dira. Lehenengo bietan informazioa aztertuko dute, eta galderari erantzuteko behar duten ezagutza jasoko dute. 15-20 minutuko ponentziak jaso dituzte adituen aldetik. Behin afera eta har litezkeen norabide posibleak ondo ulertu ondoren, Herritarren Batzarreko kideek gogoeta partekatua egingo dute; eta hori egingo dute beste bi saiotan, azaroaren 8an eta 22an, eta Metodologia lan taldeko kideak izango dituzte bidelagun. Alegia, Aztikerreko, Deliberativako eta Talde Teknikoko kideak. Gomendioak adostu eta aurkeztea izango da azken urratsa: azaroaren 29rako, gomendio-sorta bat adostu eta formalki aurkeztu beharko dute. Argitzen prozesuaren ardura duen eta lankidetza publiko- pribatu-komunitarioa oinarrian duen Mandatu Organoak jasoko ditu Herritarren Batzarrak adostutako gomendioak; horiek sakon aztertu, eta gomendioei erantzuteko soluzioak adostasunetik eraikitzeko prozesua egingo dute. Aurreikuspenen arabera, 2026ko lehen hiruhilekoan izango da. "Gomendio-sorta horrek hainbat eragile interpelatuko ditu. Mandatu Organoan gaudenok gomendio horiei erantzuna emateko konpromisoa daukagu, eta guri eragiten digutenek erantzun eta plan konkretuak beharko dituzte. Bailaratik kanpoko eragileei eragiten dietenak, haiei bideratuko zaizkie, kontuan har ditzaten", esan du Mandatu Organoko kide Oier Etxebarriak.

Mundu mailako krisi egoera

Dilemaren testuinguruaren baitan, mundu mailako egoera eta erronkak landuko ditu Elisa Sainz de Murietak, Herritarren Batzordeko kideekin. Geologia Zientzietan doktorea da, EHUn, Ekonomia Aplikatua I Saileko irakaslea eta Klima Aldaketaren Basque Centre for Climate Change-eko (BC3) ikertzaile elkartua.

Haren ponentziaren helburu nagusia izango da klima aldaketaren dilema testuinguruan ipintzea. Alegia, klima-aldaketaren ingurumen-, sozioekonomia- eta etika-alderdiak ikuspegi integral eta sistemikotik aztertzea. Egoeraren erantzukizuna ikuspegi antropogenikotik ulertzea, baita gure bizitzetan dituen eragina eta ondorioak ere.

Energia-trantsizioari buruz

Kimika Zientzietan lizentziatu Luis Gonzalez Reyesek eta Gizarte Antropologian doktore Emilio Santiago Muiñok energia-trantsizioari buruz jardungo dute, eta trantsizio ekosoziala zer den azaldu.

Bizimodu jasangarrietarako trantsizioa prozesu sistemiko gisa aurkeztuko dute. Energia-trantsizioa prozesu zabalago horren barruan kokatuko dute, hori sustatzeko dauden ikuspegiak aurkeztu, garatu beharreko politikak eta bideak zehaztu eta, era berean, aukerak eta mugak deskribatu

Eskala askotako energia

Eskala askotako energia-trantsiziorako esparruan planak eta lerro estrategikoak izango ditu hizpide Iñaki Boveda Uriartek, Herritarren Batzordearekin egingo duen ponentzian. Ingeniaria da Boveda, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) Energia plangintza eta erregulaziorako zuzendari.

Energia Trantsiziorako Planen eta haien ildo estrategikoen azterketa partekatuko dute batzordeko herritarrekin. Hain zuzen ere, Debagoienari eragiten dioten eskualdez gaindiko betebeharren identifikazioa eta deskribapena egingo du. Energia Trantsiziorako Plan horietako batzuk gomendioak edo jarraibideak dituzte. Beste batzuk, aldiz, betetze-aginduak dira. Hau da, lege-indarra dute.

Eskualdeko energia

Eskualdeko, Debagoieneko, energia-egoera ulertzen laguntzen duten adierazleak aurkeztuko ditu Eduardo Mierak. Ekonomia eta Enpresa Administrazioko lizentziatua da, EHUn, eta Nazioarteko Merkataritzako masterra dauka. Tecnalian dihardu lanean, 2015a ezkero, Energia eta Ingurumen Dibisioko proiektu kudeatzaile.

Adierazleetako batzuk izango dira energia-mendekotasuna, kontsumoa eta isuriak, etorkizuneko energia sortzeko gaitasuna. Era berean, Debagoieneko ebaluazio sozioekonomikoaren adierazle nagusiak azalduko ditu: biztanleria, ekonomia, langabezia-tasa, enpresa kopurua eta bilakaera.

Kontsumoaren murrizketaz 

Energia-kontsumoa nola murriztu eta berriztagarriak nola sustatu ere landuko dute. Alegia, eragiteko dauden eremuak identifikatu, aukerak aztertu eta ondorioak atera. Hiru arlotan egingo dute, hiru adituren laguntzarekin: Ikerlaneko Zuzendaritza Batzordeko kide Luis Mirrekin industria arloa landuko dute; Mubil Fundazioko zuzendari Igor Villarrearekin, mugikortasuna; eta Varquitectos enpresako bazkide Sara Velazquez arkitektoarekin, hirigunea.

Hiru arlotan landuta ere, hiru ponentzien helburu nagusia izango da energia- kontsumoa murrizteko aukerak aztertzea. Kontsumoa eta isuriak murriztu ditzaketen sektoreak identifikatzea, har daitezkeen neurriak zehaztea eta hartutako erabakien ondorioak edo inpaktuak identifikatzea. Hiru eragin- eremu nagusitan jorratuko da: industria, mugikortasuna eta hiriguneak –energia- kontsumo eta isuri maila altuagoekin–.

Sektore bakoitzean energia- kontsumoa murrizteko hartu daitezkeen neurriak azalduko dituzte, eta bakoitzaren eraginak azaldu: lor daitekeen murrizketa maila zenbatekoa den, eragin ekonomikoa nora hel daitekeen, gizartean izan dezakeen eragina eta ingurumen-inpaktua

Berriztagarrien garapena

Maite Uriarte Ricote Administrazio Zuzenbidean doktorea da EHUn, eta hango irakasle titularra. Haren ikerketa-ildo nagusien artean daude: Ingurumen Zuzenbidea, Lurralde Antolamenduaren Zuzenbidea eta Hirigintza Zuzenbidea, Administrazio Publikoaren Erantzukizuna eta Administrazio Bitartekaritza. Hala, energia berriztagarrien garapenean lurralde plangintzak izan duen bilakaeraz jardungo du herritarrekin.

Energia berriztagarrien instalazioak zabaltzerakoan lurralde-eremu bakoitzaren mugak, funtzioak eta aukerak ulertu eta plangintza integratuaren ikuspegitik garatu behar diren erabilerak kontuan hartu behar direla azpimarratuko du.

Eskualderako aukerak

Unai Pascual Ingurumen Ekonomian doktorea da eta BC3-ko Klima Aldaketaren Basque Center-eko Klima eta Ingurune Naturalaren Ikerketa Lerroa zuzentzen du. Herritarrekin egingo duen ponentzian, Debagoienean energia berriztagarrien garapenerako dauden aukerak eta baldintza-eraginak azalduko ditu.

Kontsumoa murrizteko ekintzez harago, deskarbonizazioa lortzeko beharrezkoa da berriztagarrien bidez sortzea energia. Puntu honetan, Debagoienean energia berriztagarrietarako dauden aukerak aurkeztuko ditu, eta haien eraginak zeintzuk izan daitezkeen, ekonomian, gizartean eta ingurumenean.

Lankidetza-markoa

Miren Larrea Enpresa Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziatua da, eta Ekonomian doktorea Deustuko Unibertsitatean. Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzailea ere bada, eta hura izango da Debagoieneko gizarte-ehunaren eraldaketarako aukerak eta lankidetzarako gaitasunak sortzeko behar diren urratsak zehazten lagunduko duena.

Erronka konplexuei aurre egiteko eskualdeko hainbat eremutako eragileen arteko lankidetzaren garrantziaz jabetzen lagunduko die herritarrei. Hain zuzen ere, eragileen eta gizarte zibilaren ekosistema aurkeztuko die, eta energia-trantsizioa sustatzeko dauden gaitasunetan eta erronketan jarriko du arreta.

Eskualdeko sektoreak

Debagoieneko gizarte-ehunaren eraldaketarako aukerak azaltzeko, eskualdeko hainbat sektoretako eragileek parte hartuko dute, energia-trantsizioaren gaineko euren ikuspegia Herritarren Batzordeko kideekin partekatzeko. Besteak beste, industria, gizarte bazterkeria eta landa eremuko eragileek. Sektore horietako eskualdeko eragileek energia-trantsizioari buruz duten erradiografia egiten ahaleginduko dira, eta euren sektorea eta eremu sozioekonomikoa energia- trantsizioaren aurrean nola kokatzen diren azalduko dute. Gainera, sortzen diren egoerak gertatzeko dauden baldintzak eta inguruabarrak zenbatzeko eta identifikatzeko egingo dute lan.

Etorkizunera begira ere ipiniko dira ponentzia horietan. Sektore horien eta lurraldearen beharrak asetzeko eszenatoki egokiena zein izango beharko litzatekeen adosten saiatuko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak