Palestinaren aldeko lanuzteek jarraipena izan dute bailaran

Oihana Elortza Gorostiza 2025ko urr. 15a, 15:11

Langileok Palestinarekin lelopean, lanuzteak deitu dituzte hainbat sindikatuk gaur, eta hainbat enpresetan izan du eragina Debagoienean.

Lanaldi bakoitzerako hiru edo lau orduko lanuzteak zituzten iragarrita gaurko, sindikatuen arabera. Goizekoa, esterako, 11:00etatik aurrerakoa zen eta ordu horretan atera dira, adibidez, Ederlaneko langileak, bezperan egindako bozketan lanuzteekin bat egitea erabakita; kooperatibei lotuta, berdin egin dute Fagor Taldeko gainerako zazpi kooperatibek eta Goienako langileek. Azken horrek, gainera, enpresako kooperatibaren aurrean egin du minutu batzuetako elkarretaratzea. Baita Emunekoek ere.

Kooperatibak ez diren enpresetan ere izan du eragina lanuzteak. Asanbleak egin dituzte aurreko egunetan lantoki gehienetan langileen esku gelditu da gehienetan lanuztea egitea edo ez. Begarako Lazpiurren eta Arcelorren, Oñatiko Garayn eta Natran eta Aretxabaletako Leintz Bailarako euskaltegian, bestalde, bozkatu egin dute eta lanuzteen aldekoa izan dira emaitzak. Ez ordea, Bergarako Eroskin edo Laboral Kutxako egoitza zentralean, kasu. Oñatiko eta Eskoriatzako udaletan eta Aramaioko eskolan, berriz, erabaki pertsonala izan da deialdiarekin bat egitea edo ez.

Hezkuntzan, berriz, egun osoko lanuzteak ere bazeuden iragarrita, eta horrela egin dute, esaterako, Mondragon Unibertsitateko fakultateetan, Txantxiku, Aranzadi eta Arizmendi ikastoletan, Luis Ezeiza, Urgain edo Elgetako herri eskoletan eta Mariaren Lagundian. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak emandako datuen arabera, 12:30ean, ikastetxeen %85ak emandako emaitzen arabera, irakaleen %42ak egin du bat lanuzteekin eta hezkuntzako langileen % 45ak.

Herrietako komertzio txiki askok ere egin dute bat langileek Palestinarekiko duten elkartasuna adierazteko lanuzteekin eta zenbait denda eta taberna itxita egon dira 11:00etatik 14:00etara. Berdin bailarako hainbat udal zerbitzu ere, Oñatiko, Aretxabaletako, Bergarako eta Arrasateko kiroldegiak kasu.

Osasungintzan, langileen esku zegoen lanuzteekin bat egitea edo ez, eta horrela izan da bailarako osasun etxeetan eta Debagoieneko ospitalean; horko langileak, hori bai, ospitale aurrera atera dira eta Palestinaren alde elkarretaratzea egin.

Ospitaleko zerbitzu minimoak bezalaxe bete dira garraio publikokoan ere. Lurraldebusen, esaterako, %30ekoa izan da lanuzteetan emandako gutxieneko zerbitzua. Maiztasun txikiagoarekin ibili dira autobusak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak