Asteburu honetan egingo dute Lazkaon lehen sektoreko sindikatu berri bat, Baserritarren Bilgunea, eratzeko batzarra. Gipuzkoan nekazaritza agroekologikoan ari diren ekoizleen sindikatua izan gura du, eta duela hiru urte Biolurren batzar batean sortutako taldetxo bat ibili da ekimenari forma ematen; tartean, Mitarte Garai baserriko Lur Pagoaga artzain aretxabaletarra. "Egurra eta kandela izena jarri genion, eta azken hiru urteetan hilean behin edo bitan elkartu izan gara hausnartzeko. lehen sektorearen eta agroekologiaren alde ere egin ditugu ekintzak. Hortik sortu da sindikatu. bat eratzeko asmoa", azaldu du Pagoagak.
Lehen sektoretik modu profesionalean bizi diren ekoizle agroekologiko eta baserri txikiei bideratutako sindikatua izatea da asmoa. Helburua da Administrazioaren aurrean ahots bateratuarekin jardutea, baina baita , egungo ekoizpen zein banaketa sistemen aurrean bestelako planteamendu bat egitea ere. "Azken urteotako produktibismoaren eta intentsifikazioaren aurrean, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza eredu ez-produktibista, soziala eta solidarioa bultzatu nahi dugu, pertsonak eta ingurumena kontuan izango dituena. Agroekologiatik elikadura burujabetzaren aldeko defentsa egin gura dugu, baita gure lanagatik prezio eta soldata duin batzuen alde borrokatu gura dugu", zehaztu du Lur Pagoagak.
Hasiera batean baserritarrei eurei egongo da zuzenduta sindikatua, baina ez dute baztertzen aurrera begira herritarrak ere batu ahal izatea ekimenera.
Zapatuan, 17:00etan Lazkaon
Esan bezala, zapatuan, hilaren 11an egingo dute eratze batzarra Lazkaoko Biziola kooperatiban. 17:00etan da hitzordua, eta bertara gonbidatu dituzte agroekologian diharduten ekoizleak eta baserri txikiak.