Martxan da Tokixan egitasmoa, elikadura burujabetza bultzatzea helburu

Oihana Elortza Gorostiza 2025ko ira. 26a, 14:24

Tokixan egitasmoa aurkeztu dute, elikadura burujabetza bultzatzeko helburuarekin. Debagoiena 2030 sareak duela bost urte abiatutako gogoeta baten ondorio da, eta egindako lehen urratsen berri eman dute. 

Elikadura burujabetza bultzatzea du helburu Tokixan egitasmoak, eta datozen urteetako erronka nekazaritzan egongo den errelebo falta dela ikusita, horri erantzungo dion egitasmoa da, nolabait. Honako hau adierazi du Ainhoa Narbaizak, Ereindajaneko kideak: "Garrantzitsua da kontsumo mailan baldintzak eta azpiegiturak sortzea bertako ekoizpena ahalik eta modu zuzenenean bideratzeko, ahalik eta baldintza onenetan, eta eskualdean bertan aukerak sortzeko hori dena antolatu ahal izatea; hau da, adibidez, hemen milaka pertsonek bazkaltzen dute ikastetxeetako eta enpresetako jantokietan; bada, ahalik eta produktu bertakoena eta ekologikoena kontsumitu nahi dugu bertan. Dena den, nola egingo dugu hori dena? Nola antolatuko gara? Zer sistema behar dugu".

Egitasmo horren koordinaziorako Ereindajan Bergarak, Biolurrek, Debagaraia LGEk, Oñatiko Udalak, Gizabideak eta Fagorrek osatutako talde eragile bat sortu dute, batetik, eta erakunde gehiagok ekarpena egiteko sarea, bestetik.

Bost urtez gaia lantzen

Azken bost urteetan ibili dira gai hori lantzen, eta bisitatu dituzte hemendik kanpo dauden antzerako egitasmoak; Iparraldeko Garro kooperatiba, tartean. Hemen, Bergarako Fagor Ederlaneko jangelan egin dute proba orain arte. Bertako produktuak erabiltzeaz gain, lanketa egin dute sukaldariekin, ekoizleekin zein erabiltzaileekin. Orain, Fagorreko beste jangela batean egitea da asmoa, eta gerora jangela gehiagotara heltzea. Narbaizak adierazi duenez, bailaran euren sukaldea duten jangela asko daude eta interesa badago.

Hazten joan gura bada, baina, ekoizpena handitu behar dela ikusten dute, eta aztertzen ari dira zer lortu daitekeen bailaran eta zer Euskal Herri mailan. Kontsumitzeko zein ekoizteko beste eredu batzuk aztertu beharra ere ikusten dute. "Azkenean, gehiago ekoiztu behar dugu hemen, baina agian beste modu batzuetan, beste eredu batzuk bultzatuta. Ez da bakarrik bertakoa eta eskualdekoa izatea, kontsumitzeko modua eta ekoiztekoa ere aldatu beharra dago".

Lanketa hori egiteko ardura hartu du Tokixanek. Haren misioa, sustatzaileen hitzetan, "etorkizunean eskualdean behar den elikadura sistema diseinatu, pilotatu eta garatzea da", bi oinarritatik abiatuta: "Agroekologian oinarritutako sistema sustatzea, ekoizpena, banaketa eta kontsumoa barnebilduko dituena; eta eredu kolektiboa bultzatzea bai ekoizpenaren antolaketan, baita lurralde gisa elikadura sistema iraunkorra bultzatzeko behar den eraketari dagokionez ere".

Tokixan-eko koordinatzaile Mikel Romanek zehaztu ditu hiru esparruak: "Batetik, ekoizpenaren hurrengo urratsa izango litzateke ekoizpen proiektu kolektibo bat martxan jartzea, eta horri lotuta joango zen formakuntza eta instalaziorako prozesu bat abiatzea bertatik; bestetik, kontsumoan, bide bat eginda dago jangela kolektiboetan, eta hor hurrengo pausoa eskalatzen joatea da; azkenik, banaketaren ildoa dago".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak