Urriaren 18an izango da Debagoieneko laugarren erreka auzolana

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko ira. 18a, 19:51

Debagoieneko laugarren erreka auzolanaren aurkezpena, gaur, Elorregin. Irudia: Goiena.

Bailarako herri guztietan egingo dute auzolana, Antzuolan izan ezik; garbitzeaz gain, asmoetako bat dute erreka ingurua ezagutzea. Martxan da izen-ematea.

Urriaren 18an, zapatua, izango da Debagoieneko laugarren erreka auzolana, aurreko edizioetako oinarri berdinetatik abiatuta antolatutakoa, antolatzaileen esanetan. Azaldu dutenez, egun berean sartuko dira errekara bailarako herri gehienak, eta auzolanean garbituko dute; hala ere, erreka ezagutzeko aitzakiatzat dute hori, eta baita elkar ezagutzeko ere. "Zeharkatzen gaituen hori ezagutzeko aukera sortu nahi dugu aurtengoan ere. Erreka beste begi batzuekin ikusten hasiak gara dagoeneko adin bat dugunok, eta ausart ikusten ditugu gure seme-alabak haurrak ginenean inoiz sartuko ez ginen uretan sartzen (…) Errekak zabor leku izateari utzi diola ikusi dugu, edo bagoaz bide horretan, behinik behin".

Debagoieneko herri guztietan antolatuko dute erreka auzolana, Antzuolan izan ezik, herriko jaien ondoren egiten baitute, baina nork bere antolaketa darama: "Bateratua da denok filosofia berdinarekin egiten dugulako eta egun berdinean sartzen garelako errekara, baina herri bakoitzak ekintza ezberdinak antolatzen ditu auzolanaren bueltan". Hala ere, jakinarazi dute gaur-gaurkoz ez dakitela zeintzuk izango diren ekintza horiek, eta datozen asteetan iragarriko dituztela. "Bakoitzak berea antolatzea da helburua, bai, baina baita elkarrizketa bat egotea ere herrien artean, elkar ez zapaltzeko, programazioari dagokionez".

Herrigintzatik sortua

Debagoienean Errekak Bizi Auzolanean taldea, eta, horrenbestez, erreka auzolana, herrigintzatik bultzatzen dabiltzala adierazi dute antolatzaileek, egiteko modu horretan sinesten dutelako eta balioa ematen diotelako. Are gehiago, herrigintzatik sortua izanik, egunak "herria egiteko" ere balio dezakeela uste dute: "Auzolanak, elkarrekin helburu berdin batengatik ondoan modu boluntarioan lan egiteak, batu edo gutxienez elkar ezagutzeko aukera eskaintzen digu. Baliatuko dugu?".

Bada, batzeko aukera probestu eta parte hartu nahi izanez gero, martxan da izen-ematea; horretarako, hemen dago aukera, edo karteletan dagoen QRa eskaneatuta. Herri txikietan –Aramaio, Elgeta eta Leintz Gatzaga– eta Oñatin, hala ere, nahikoa izango da egunean bertan agertzearekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak