Hilabete honetan zehar egingo dituzte Argitzen prozesuaren gaineko aurkezpen bilerak herritarren aurrean eta atzo egin zuten lehendabizikoa Elgetan. Argitzenetik energiaren gaia landu nahi dute elkarlanean, eragileekin, enpresekin eta herritarrekin. "Argitzen, azkenean, Debagoieneko eskualde mailan energia trantsizioaren norazkoa adosteko prozesua da. Ikusi zen eskualdean energia asko erabiltzen dela eta oso menpe gaudela energiarekiko. Instituzioen gain ezin da bakarrik jauzi nola bideratu gai hau eta prozesua zabaldu zen herritarren, enpresen eta eragile komunitarioen ahotsa entzuteko", zioen Elgetako alkate Ibon Unzetabarrenetxeak bileraren aurretik.
Hala, Herritarren Batzarra zozketaz hautatutako 50 debagoiendarrek osatuko dute. Dagoeneko 4.926 gonbidapen bidali dizkiete zozketa bidez hautatutako herritarrei eta haiek irailaren 16ra arteko epea daukate gonbidapena onartzeko. Baiezkoa ematen dutenen artean beste zozketa bat egingo dute 50eko talde hori osatzeko. Argitzen prozesuan herritarren parte hartzea garrantzitsua dela adierazi du Elgetako alkateak.
Bost lan-saio
Gonbidapena onartzen dutenek udazkeneko bost lan saioetan parte-hartzeko konpromisoa hartuko dute. deliberazio prozesuaren sustatzaileak, energia kontsumoa murriztu eta energia berriztagarriak garatzeko gomendio-sorta bat osatzeko eskaria egingo dio Herritarren Batzarrari, honako galdera hau landuta: zein ekintza edo aldaketa burutu beharko dituzte Debagoieneko tokiko eragileek energia kontsumoa murrizteko eta energia berriztagarrien garapenerako? Prozesuan parte hartzeko ez da gaian aditua izan behar, erronkari aurre egiteko informazioa eta laguntza jasoko baitute parte-hartzaileek. Migel Altunan izango dira saioak bost zapatutan, urriaren 18an, 25ean, eta azaroaren 8, 22 eta 29an. Jardunaldi horiek ere zehaztuta dituzte dagoeneko.
Herritarren Batzarraren ostean, Mandatu Organoko eragileek jasotako gomendioak sakon aztertu eta horiei erantzuteko soluzioak adostasunekin eraikitzeko prozesua egingo dute. Elgetakoaren ostean, Argitzen prozesuko ordezkariek aurkezpen saioak egingo dituzte gainerako herrietan datotzen egunetan prozesuaren berri eman eta herritarrek izan ditzaketen zalantzak argitzeko.
Hurrengo bilerak
Datozen egunetan ibarreko gainerako herrietan egingo dituzte aurkezpen bilerak:
- Irailak 15, Oñati: 18:00etan, udaletxeko osoko bilkuren aretoan.
- Irailak 16, Aretxabaleta: 18:00etan, Karmele Igartua aretoan.
- Irailak 18, Bergara: 18:00etan, udaletxeko osoko bilkuren aretoan.
- Irailak 23, Arrasate: 18:00etan, Kulturaten, Loramendi gelan.
- Irailak 24, Eskoriatza: 18:00etan, kultur etxean.
- Irailak 26, Leintz Gatzaga: 18:00etan, udaletxeko osoko bilkuren aretoan.
- Irailak 29, Aramaio: 18:00etan, Sastiñen.
- Irailak 30, Antzuola: 18:00etan, Olaran kultur etxean.