Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren deialdiarekin bat eginez, pentsiodunek Debagoieneko herri guztietan egin dituzte elkarretaratzeak gaur eguerdian. Udako etenaren ostean aurreikusitakoa baino astebete lehenago ekin diete berriz ere mobilizazioei, eta horretarako arrazoia izan da Eusko Jaurlaritzak pentsioak lanbide arteko gutxieneko soldataraino osatzeko Herri Ekimen Legegilea tramiterako onartzearen kontra azaldu izana. "Ezezko erantzun horren aurrean, gaur plaza guztiak aktibatu ditugu, hemen eta Euskal herri osoan", azaldu dute Bergarako elkarretaratzean Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko kideek.
Ez datoz bat Jaurlaritzaren iritziarekin, ezta hori arrazoitzeko emandako argudioekin ere. Horrela hitz egin dute Bergarako taldeko ordezkariek: "Esaten dute ez dutela beharrezkotzat jotzen. Horixe da esan duten lehen gauza. Akaso errealitate ezberdinak ikusten edo bizitzen gabiltza. Guk ikusten duguna da hemen pertsona pila bat dagoela egoera zaurgarri batean. Neguan batzuk saskia betetzearen edo berogailua jartzearen artean aukeratu behar dute, pentsioek ez dutelako denerako ematen".
Haserre eta minduta hitz egin dute, pentsiodunek, 145.000 sinadura baino gehiagoren babesa jasotako herri ekinaldi legegilea atzera botata Jaurlaritzak demokrazia parte-hartzaileari iruzur egin diola esanez. Eta borondate politiko falta egotzi diote, erakundetik adierazi eta gero pentsioen hobekuntza orokorrak egitea Espainiako Gobernuari dagokiola: "Horretarako bidea dagoela esaten dute Espainiako Konstituzioaren 148 artikuluak eta Erkidego Autonomoko Estatutuak, lehenengo artikuluko 12. paragrafoan. Herri Ekimen Legegilea aurkeztu genuenean ere, zerbitzu juridikoek esan zuten ez zeukala legez kanpoko inolako konturik. Beraz, hau borondate politiko kontua da".
Irailaren 25ean, Legebiltzarrean bozketa
Eusko Jaurlaritzaren iritzia ez da loteslea, ordea, Eusko Legebiltzarraren esku dago Herri ekimen Legegilea eztabaidatzea. Hilaren 25eko osoko bilkuran bozkatu beharko dute gaia jorratzea onartu ala ez eta, horri begira, mobilizazioekin jarraituko dute datozen egunetan. "Espero dugu kaleko presioaren bidez hartu duen erabakia aldatu eztabaida hau behintzat aurrera eraman ahal izatea. Gero ikusiko da zer ateratzen den eztabaida horretatik", azaldu dute Bergarako elkarretaratzean.
Hilaren 20rako manifestazioak iragarri dituzte, lau hiriburuetan; eta aurretik eta ondoren Gasteizera joateko deia egin dute, Eusko Legebiltzarraren atarian egingo dituzten elkarretaratzeetan parte hartzeko. Irailaren 18an izango da lehena, opor osteko lehen osoko bilkura egingo duten egunean; eta 25ean, bigarrena. Egun horretan erabakiko dute euren eskakizuna Legebiltzarrean eztabaidatzeko tramitera pasako den edo ez.