Abuztuan beroa egitea ez da zerbait arraroa. Baina aurtengoa bereziki gogorra izan da; Euskalmetek kaleratu berri duen txostenaren arabera, XXI. mendeko hirugarren beroena. Amaitzear den uda, baina, bere osotasunean izan da beroa Euskalmeteko meteorologo Miriam Ruizen esanetan: "Uztaila tenperaturari dagokionez normala izan zen, baina abuztua oso beroa izan da eta ekaina, erabat beroa; mende honetako beroenetarikoa izan zen ekaina. Azken datuen faltan, 2025eko uda beroa izan da gurean".
Debagoienera etorrita, abuztuan gurean erregistratutako tenperaturak EAEko altuenen artean daude: Arrasaten, adibidez, 42 gradura heldu ziren termometroak abuztuaren 11an. Dena den, gura bailaren abuztuaren 123a izan zen egun beroena: Elorregi inguruko estazioan 42,4 gradu erregistratu ziren; Arrasaten, 42,2 gradu; eta Oñatin, 40,8ra. Debagoieneko tenperatura altuak hego-haizearekin lotutako Foehn izeneko efektuari egozten dizkio Miriam Ruizek.
Bero-bolada luzeagoak
Aurtengo abuztuko bero boladaren berezitasunetako bat izan duen iraupen luzea izan da. Adituen esanetan, azken hamarkadatan igartzen dabiltzan joera bat da hori, eta hori horrela izateko arrazoia argi dute: aldaketa klimatikoa. "Munduan ebidentzia oso sendoak daude egun eta gau beroen kopuruak handitu direla. Europan ere tenperatura maximoek gora egin dute eta bero-boladak maizago gertatzen dira. 1970 urteaz geroztik, hamarkada bakoitzeko egun bat gehiago irauten dute bero-boladek", dio Ruizek.
Hilabeteotako tenperatura altuek ekarritako ondorio bat, beroagatik hildakoen kopuruaren handitzea izan da: 114 izan dira aurten EAEn, 2024an baino 52 gehiago.
Asteburu beroa aurretik
Irailaren 22an udazkenean sartu bitartean udari oraindik ere geratzen zaizkio pare bat aste eta norbait bero-egarriz geratu bada, hurrengo asteburuan izango du hori asetzeko aukera. Euskalmeten arabera, hego-haizea zakar ibili da eta batez ere bihar, zapatua, bero errea egingo du Debagoienean, 34-35 gradura helduz. Igandean ez du hainbeste bero egingo eta arratsalde aldera ipar-mendebaldeko haizea sartuko da giroa freskatuz.