Bergarako San Joxepeko Patxi Retolaza eta Anjel Jimenez. Eurak ibili ziren finen atzo goizean lapiko artean, Debagoieneko erretiratu elkarteen arteko sukaldaritza lehiaketan; bost taldek parte hartu zuten, guztira. 11:00etan zuten hitzordua eginda, San Joxepe elkartearen kanpoaldean egokitutako sukaldeetan, eta antolatzaileek osagaiak banatzeaz bat ekin zioten lanari. Hegaluzea, patatak, piper gorriak eta berdeak, piper txorizeroaren haragia, tomatea, kipulak, berakatza, gatza eta olioa banatu zizkieten, hegaluze-marmitakoa prestatzeko; hegaluzeari, euskal sukaldaritzan hain preziatua den sasoiko produktuari, omenaldia egin gura izan dio, modu horretan, Agijupens elkarte antolatzaileak.
Giro onean jardun zuten lanean, elkarren artean berriketan eta mokadutxoa eginez, eta epai-mahaiaren txanda etorri zen ondoren. Bost lagunek egin zituzten epaimahaikide lanak –ordezkari bat, elkarte parte-hartzaile bakoitzeko– eta hainbat alderdi hartu zituzten kontuan puntuak emateko orduan: aurkezpena; zaporea; hegaluzearen egosketa-puntua; eta salda egoki, urtsuegi edo lodiegi zegoen.
San Joxepek eskuratu zituen puntu gehien; Landatxopek, ondoren; eta Musakolak, Pake Lekuk eta Abaroak, gero. Karmentxu Zelaia epaimahaikideak marmitakoak oso goxoak zeudela kontatu zuen: "Oso onak zeuden. Batek piper gehiegi zuen, beste batek gutxiegi, baina gainontzeko hirurak oso antzerakoak zeuden. Eta guztiek, hori bai, hegaluzea puntu onean zuten". Plateren kalitatea goraipatu zuen, bai, baina, batez ere, lehiaketari berari eman zion balioa Zelaiak, elkarteen arteko harremanak estutzeko bide ematen dielako.
Zentzu berean mintzatu zen Debagoieneko elkarteen presidente Fernando San Miguel ere. Gustura zen goizak emandakoarekin: "Hitzordu garrantzitsua da guretzako, bailarako elkarteei bultzada emateko eta taldea egiteko bide ematen digu. Hamaika elkarte daude guztira eskualdean eta ia erdiek parte hartu dute; kopuru polita da, baina saiatuko gara eragiten, hurrengoetan gehiago ere animatu daitezen".
Jatekoa aitzakia ona dela zioen, edozertarako, eta halaxe izan zen atzo, beste behin ere: lehiaketa amaitutzat emanda, bazkaritarako elkartu ziren guztiak –25 bat lagun batu ziren mahaiaren bueltan–.
Hilaren 12ko hitzordura begira
Topa eginez zebilen bikote irabazlea. Patxi Retolazak eta Anjel Jimenezek lehenengo aldia zuten lehiaketan; ez, ordea, sukaldean. Halaxe kontatu zuen Retolazak: "Sukaldaritza asko gustatzen zait, etxean ere neuk egiten dut sukaldean, ahal dudan guztietan, eta horixe da entrenamendurik onena. Gaurkoa Jimenez eta bion artean egin dugu eta oso ondo ulertu dugu elkar".
Esperientziaz gaindi, garaipenaren atzean beste sekreturik ote dagoen galdetuta, ardo zuriaz hitz egin zuen: "San Antonioko Napar Ferian, askotan, Arabako patata ekartzen digute, guri ondoen iruditzen zaigun arrainarekin prestatzeko, eta beti egiten dioguna da frijitu ostean ardo apurtxo bat bota, usainak eta zaporeak ateratzeko".
Datorren urtean ere animatuko diren galdetuta, Jimenez prest badago, berriz ere egingo dutela adierazi zuen Retolazak. Bitartean, baina, hilaren 12a dute egutegian gorriz markatuta: Gipuzkoako txapelketa jokatuko da egun horretan, zortzi elkarte ariko dira nor baino nor eta eurek ordezkatuko dute Debagoiena: "Egingo ditugu ahaleginak hegaluze-marmitakoa are gehiago hobetzeko eta ea egun horretan ere gauzak ondo egiten ditugun".
Lau herritako bost elkarte
Antzuolako Landatxope, Arrasateko Abaroa eta Musakola, Bergarako San Joxepe eta Oñatiko Pake Leku elkarteek parte hartu zuten lehiaketan, biko eta hiruko taldeekin. Gizonezkoz osatuta egon ziren guztiak, Musakolakoa izan ezik, emakume bat zegoen han.