ALBISTEAK

Bost sari daude jokoan 21. Udako Argazkien Lehiaketan

Larraitz Zeberio Lekuona 2025ko uzt. 29a, 12:22

Irailaren 15era arte aurkez daitezke argazkiak, eta 26an emango du epaimahaiak irabazleen berri. Whatsapp, Telegram edo posta elektronikoz har daiteke parte. 

Goienak martxan du Udako Argazkien Lehiaketa. 21. urte antolatua, debagoiendarrek udan ateratako argazki fresko, ikusgarri eta dibertigarrienak jasotzea du helburu oraingoan ere. Bost sari daude jokoan eta argazkiak bidaltzeko epea zabalik da irailaren 15era arte. "Goienaren udako argazki lehiaketak bere bidea egin du debagoiendarren artean, eta geroz eta harrera hobea du. Ondo errotutako lehiaketa bat da; iaz, adibidez, 433 argazki jaso genituen, eta oso pozik gaude. Espero dugu aurten ere bidaltzen hastea, eta egia esan hasi gara lehen argazkiak jasotzen. Ia iazko kopurura iristen garen edo gainditzen dugun", adierazi du Mirari Altubek, Goiena Komunikazio Taldeko Internet saileko arduradunak. 

Lehiaketaren oinarriak ikusgai daude goiena.eus atarian. Kontuan hartu beharreko puntu garrantzitsuenak dira irailaren 15a dela argazkiak bidaltzeko azken eguna, guztiak bidali behar direla posta elektronikoz , Whatsapp edo Telegram bitartez eta Debagoienean jaio edo bizi den 16 urtetik gorako edozeinek parte hartu dezakeela. Aurten, gainera, sari berezia dago 16 eta 18 urte artekoendako.

Hain zuzen ere bost sarietako bat da. Gainerakoan hiru argazki onenak sarituko dira eta publikoaren saria ere egongo da. Arrasateko eta Bergarako Halcon Bidaiak, Gure Ametsa jatetxea, Arrasateko Eroski hipermerkatua, Intersport-Loramendi eta Bergarako Elikaenea dira babesle nagusiak eta sari-emaileak.

Epaimahaiaren jarduna

Goiena hasita dago lehen argazkiak jasotzen, eta irabazleak nortzuk diren irailaren 26an emango da aditzera Goiena aldizkarian zein goiena.eus atarian. Horren ardura epaimahaiak izango du, eta honetan jarriko du arreta, Altuberen hitzetan: "Kalitateari beti begiratzen zaio, baina batik bat udako giroa erakusten duten argazkiak hartzen dira kontuan: freskoak, dibertigarriak, ur inguruan ateratakoak, paisaiak... Jendeari, esaterako, asko gustatzen zaizkio ilunabarrak eta egunsentiak". Kalitatea, gainera, ez da soilik argazki kamera on batekin bermatzen, zehaztu dutenez: "Edozein telefonorekin ere nahiko kalitate oneko argazkiak atera daitezke gaur egun. Hortaz, debagoiendar guztiak animatuko nituzke argazkiak bidaltzera eta gurekin konpartitzera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak