Jaiak ospatu dituzte bailarako bost auzunetan

Eneko Azurmendi Barrena 2025ko uzt. 28a, 15:14

Asteburu betea izan dute Debagoieneko hainbat kale eta auzotan. Izan ere, jaiak ospatu dituzte Bergarako Basalgon eta Bolun, Aretxabaletako Goroetan, Arrasateko Ferreriasen eta Oñatiko Santamañan.

Egubakoitzean, Santiago egunez, Basalgon eta Goroetan ospatu zituzten jaiak. Basalgon, Bergarako pilota eskolako pilotari gazteen partiduak jokatu zituzten eta, horiek martxan ziren bitartean, jatekoa eta edatekoa banatu zituzten auzotarrek. Pintxoak, salda, haragi egosia, sagardoa eta abar.

Goroetan, bestalde, goizean meza eta luntxa egin ostean, arratsaldean umeendako askotariko jolasak egin zituzten eta, horrez gain, Asier Kidam magoak ere ikuskizuna egin zuen, haurren gozamenerako. Auzo-afariarekin eta dantzaldiarekin borobildu zituzten festak.

Uztailaren 26an, Santa Ana egunez, Arrasateko Ferrerias kalearen txanda izan zen. Eguerdian txistulariek girotu zituzten festak eta arratsaldean haurren jolasak egin zituzten. Kalea jendez lepo bete zen, gainera, jolasak bertatik bertara gozatu ahal izateko. Ostean, afaria eta dantzaldia egin zituzten, arrakasta handiarekin. "Iaz baino hamar leku gehiago atera ditugu, eta dena saldu da, eta batzuk badakigu txartel barik ere gelditu direla", adierazi du Nerea Artolak, Ferreriaseko jai batzordeko kideak. Zubiak, horrenbestez, ez zuen eragin handirik izan jende kopuruan: "Iaztik dugun beldurra da: egubakoitza da, zubia da, aurten zapatua da, ea jende gehiago edo gutxiago egongo den... Baina, tira: guk mahaiak topera izaten ditugu, eta gaudenak, gustura". 

Festa egun gehiago 

Santa Ana jaiak ospatu dituzte Bergarako Bolu auzoan ere eta han lau eguneko egitaraua izan dute. Tartean, marrazki eta patata-tortilla lehiaketa egin zituzten zapatuan.

Marrazki lehiaketari dagokionez, 12-14 urte artekoetan, Elene Contrerasek irabazi zuen saria; 8-11 urte artekoetan, Uxue Gonzalezek; eta 4-7 urte artekoetan, Elene Igartuak. Azken honen lana, gainera, datorren urteko kartela egiteko baliatuko dute. Patata-tortilla lehiaketa, aldiz, Javi eta Aner Arrondok irabazi zuten.

Azkenik, Oñatin ere asteburu osoko festa izan dute Santamañan, eta balorazio ona egin dute batzordeko kideek, Markel Bellidoren hitzetan: "Oso ondo; egia esan, guk uste baino askoz ere hobeto. Bazeuden beste ekintza batzuk, Hatortxo Rock eta delakoak, baina ez, nahiko jende egon da. Zubiak ere jende asko eramaten du kanpora, eta batzordean ere nabaritu dugu jende gutxiago genbiltzala antolaketan; hala ere, berdin-berdin atera ditugu aurrera jaiak".

Askotariko ekintzak egon diren arren, aurten ere korrikaña-k izan du arrakasta handiena eta hori nabarmendu dute antolatzaileek ere, jolasa zertan datzan azalduz: "Txinga joko moduko bat da, lokotx-batze bat, joan behar zarena batzera, baina justu lekukoa ematerako orduan hartu behar duzu kaña, kalimotxoa edo tokatzen zaizun alkohol basoa". 

Atzo, domeka, auzo-bazkaria egin zuten eta 70 bat auzotar elkartu ziren mahaiaren bueltan, giro ederrean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak