Gaurko Mondraren batzar orokorrean zuzendaritza berrirako hautagairik aurkeztuko ez zela aurreikusita, egungo kideak klubeko estatutuak errepasatzen ibili dira egunotan. Batzarrera joandako jende kopuruaz atsekabetuta, azalpen hauek eman dizkio presidenteak GOIENAri. "Begira ibili gara, ez bada inor aurkezten egungo zuzendaritza pasako da kudeaketa batzorde izatera, eta irail amaierarako ezohiko batzar orokorra deituko dugu". Izan ere, nahiz eta kirol arloa lotuta izan, arlo administratiboa bai utz dezakete kudeatzaile baten eskuetan, baina ez klubaren zuzendaritza.
Bada, hasierako aurreikuspen guztiak bete egin dira, eta inork ez du interesik erakutsi. Hala, egungo zuzendaritza osoak dimisioa aurkeztu du gaur, batzarrean onartu egin dute hori, eta egungo zuzendaritza kudeaketa batzorde izatera pasa da. Hurrengo hitzordu garrantzitsua irailean izango du Mondrak. "Hor inor aurkezten ez bada klubaren etorkizuna kolokan egongo da", adierazi du Etxeberriak.
Arlo ekonomikoan, kuoten igoera
Bestalde, arlo ekonomikoari dagokionez Mondrak balantze negatibo txiki batekin amaitu du denboraldia. "309.000 eurotako sarrerak izan ditugu, eta 313.000 euro gastatu ditugu. Galera txiki bat izan dugu, 4.000 eurotakoa, baina mormala da, marka berria estreinatu dugulako aurten eta arropan inbertsioa egin dugulako. Jantziak saltzen joan ahala kopuru hori errekuperatu egingo du klubak". Datorren denboraldira begira, berriz, 323.000 eurotako aurrekontua aurreikusi dute. "Kuotetan igoera nabarmena izango da, %20 ingurukoa. Besteak beste, gaur egungo zuzendaritzan egon garenok egin ditugun lan batzuk profesionalen eskuetan geratuko liratekeelako, eta horiek ordaindu egin behar dira".
Ikusteko dago, baina, iraileko batzarrak zer emango duen. "Gaurko batzarraren ostean ikusitakoak ikusita, ez dut esperantza handirik. Errespetu falta izan da", gaineratu du hamabi urtez presidente egon den Etxeberriak.