Hasi dituzte Antzuola-Bergara bidegorriko eta Antzuolako kolektoreko lanak

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko uzt. 10a, 14:59

Aste honetan hasi dituzte Antzuola eta Bergara bidegorriz lotzeko lanak; baita Antzuolako saneamendu kolektorearen hirugarren faseko lanak ere, Antzuolako Galartza auzoko zubitik Bergarako Urteaga kaleko industrialera bitartean. Maiatzaren 9an esleitu zitzaizkien obrak Jaizubia Obrak eta Moyua Eraikuntzak enpresei eta lanak gauzatzeko epea zortzi hilabetekoa izango da. Bi milioi eta erdi pasatxokoa da aurrekontua.

2024ko urrian sinatu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiak, Ura Agentziak eta Gipuzkoako Urak-ek Antzuola eta Bergara bidegorriz lotzeko eta Antzuolako kolektorearen zati berri bat eraikitzeko lankidetza hitzarmena, eta bederatzi hilabeteren ostean, martxan dira obrak. Kolektoreari dagokionez, dagoeneko, bi fase eginda daude eta hirugarren honetan, Arizti baserriaren inguruan –Matz Erreka alboan– isurtzen dira Antzuolako hondakin eta industria isurketa guztiak, baina horiek tratatzeko Bergarako Deba erdiko hodi-biltzailearekin lotu eta Mekolaldera eramango dituzte.

Bidegorriari dagokionez, zati handi bat eginda badago ere, 806 metro egitea falta da, eta proiektuak jasotzen duenez, hiru metroko zabalera izango du zati horrek, eta 80 zentimetro gehituko dizkiote barandetarako, eta hormigoizko areketeterako. Lan horiekin, ordea, ez lirateke Bergara eta Antzuola bidegorriarekin guztiz lotuta egongo. Izan ere, zati bat egiteko geratuko litzateke.

Bergarako zatia faltan

Batetik, San Antonioko biribilgunetik Urteaga kaleko urbanizaziora arteko eremua; hau da, bidegorriaren laugarren fasea falta da egiteko. Zetabi arkitektura bulegoak idatzi du proiektua, eta 2025eko martxoko gauzatze memorian ematen dituzte proiektuari buruzko xehetasunak. San Antonioko biribilgunea eta Eskusarte kaleko 2. zenbakiko espaloia lotuko dira ibaiaren ondoren bidegorria eginda. Espaloi irisgarria egingo dute aparkalekuen ondoan. Eskusarte 2, 4, 11 eta 13 atarien aurrean jarraituko du Urteaga kalera iritsi arte. Idatzita dagoenez, bidearen ondoko aparkalekuak kendu eta bidegorria Urteaga 29 zenbakiko behin-behineko aparkalekuraino luzatuko da. Alabaina, bosgarren fase bat egitea faltako da. Jasotzen duenez, fase hori, Uraren Euskal Agentziak Antzuolako ur beltzen saneamendua gauzatzen duenean eta ur horiek Urteaga kaleko kanalizazioarekin lotzen direnean eraikiko da, Mekolaldeko araztegira bideratzeko. Kontrata edo lizitazio-oinarriaren bidezko exekuzio-aurrekontua 152.969,31 eurokoa da.

Bergarako Udalak GOIENARI jakinarazi dio lanak esleituta daudela, baina ez direla uda aurretik hasiko. Aurreikusten dute negurako bukatuta egotea. Hala, gehitu dute Aldundiak bere lanak amaitzen dituenean bidegorriaren bosgarren fasearekin hasiko direla, eta dagoeneko azken fase horren proiektua idazte prozesuan dago. Udalak adierazi du datorren astean, hilaren 16an, egingo dutela bilera bizilagunekin.

Trafikoan eragina 

Bidegorriko eta kolektoreko lanak eragina izango dute trafikoan, Bergarako Udalak jakinarazi baitu astelehenetik aurrera, hilaren 14tik, trafikoa moztuta egongo dela ibilgailuendako Urteaga kalean, sei astez. Horrenbestez, ezingo da hortik igaro. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak