Zortzi kanta ditu hiru kide oñatiar eta arrasatear bat dituen Zentzu Okerra taldearen lehen diskoak. Estiloa guztiz zehaztu barik, punk-oi! estilotik gertu dago eta gizarte gaiak dira kantuen oinarri. Taldeko abeslariak, baxu-joleak, sortu ditu kantuen letra gehienak, baina talde-lana izan dela diote kideek, bakoitzak egin diolako ekparpena gai zerrendari, gizarteko gaiei.
2023ko urrian, Oñatiko jaien ostean, sartu zen lehen aldiz Zentzu Okerra taldea lokalean. Bost ziren hasieran baina aldaketak izan ditu taldeak ordutik eta egun lau dira: hiru oñatiar eta arrasatear bat. Beste talde askoren moduan, bertsioak jo zituzten lehen zuzenekoetan eta holaxe ibili dira azken abendura arte, diskoa egitea pentsatu eta euren kanta gehiago sortzen hasi ziren arte. Esperientzia aberasgarria izan da taldekideendako orain arteko ibilbidea.
Abesti berriak sortu, findu eta grabatu ez ezik, bestelako lan batzuk ere ekarri dizkie diskoaren grabaketak taldekideei, diskoaren azala bera edo masterizazioa, esaterako. Izan dute gertukoen laguntza baina eginbeharrekoak euren artean banatuta egin dituzte lau taldekideek. Taldearen lehen diskoa da 'Lotzen gaituen soka' eta laster egongo da salgai Oñatiko zein Arrasateko tabernetan. Bitartean hurrengo kontzertuak lotzen ari da taldea, kanta berriak zaleen aurrean jotzeko. Adibidez, laster egongo da zuzenean ikusteko eta entzuteko aukera, datorren astean izango da, uztailaren 25ean, Oñatiko Santamaña jaietan.