2000ko ekainaren 27an, gaur 25 urte, erregistratu zuten notarioaren aurrean Goiena Komunikazio Zerbitzuak Kooperatiba Elkartea, Bilbon; notario aurrean, eta euskaraz, orduko hartan ez baitzeuden horretarako gaitasuna zuten notari gehiago. Bailarako euskara elkarte guztietako ordezkariak bildu ziren – tartean baziren kultura eta guraso elkarteak–, eta han izan zirenetako bi dira Iban Arantzabal, Elgetako Goibeko kultura elkartearen izenean, eta Aintzane Gardoki, Leintz Gatzagako Gurel guraso elkarteko kide ohia. Denbora "pasatu" egiten dela azaldu dute biek, "oso lausoa" dela une hartako akordua, eta "gauzak ahaztu ere egiten direla, zorionez ekintza hura egin zen arren".
Mikrobusean joan ziren Bilbora elkarteetako kideak, Andres Urrutiaren, egungo euskaltzainburuaren, bulegora. "Norbaitek galde dezake: gertuago ez al zegoen notariorik? Bada, euskaraz egin zezakeenik, ez", adierazi du Gardokik, eta Arantzabalek erantsi: "Gogoan dut nola egon ginen mahai borobil handi batean nire moduko umemoko batzuk eta beste, baina polita izan zen, ardura bat baitzegoen". Haren hitzetan, "jokoaren parte" zen estatutuak euskaraz egitea, sortzen zebiltzan eta "eredu izan zitekeen" mugimendu bat zelako: "Elkartze bat eta profesionalizatze bat, eta kooperatiba eredu berezi bat sortzea jabekide diferenteekin: lan-bazkideak, euskara, guraso eta kultura elkarteak, eta udalak".
Kanpo eta barne begirada
Gardokik, egun, kanpotik bizi du Goienaren egunerokoa, baina egin duen ibilbidea "handia" izan dela uste du: "Bakoitza bere herrian bere aletxoa jarri nahian aritu ginen, eta izan zen profesionalizatzeko, euskalduntzeko eta indarra batzeko au kera eman zuen kooperatiba bat". Are gehiago, bailarako herri guztiak bateratzearen garrantziaz ere jardun du, batik bat, herri txikienen egoera gogoan izanda: "Bestela, Gatzagak, adibidez, noiz edukiko luke horrelako zerbait?".
Gardokirekin bat egin du Arantzabalek, eskualdetzea aipatuta: "Nekez egingo genuke aurrera bakoitzak bere herrian pentsatuko balu eta ondokoak ez baleude dinamika berean". Haren esanetan, Goiena barrutik ezagututa, zuzendaria baita, 25 urte hauetako aldaketa "handia" izan da, eta orduan "erraz pentsatzen ez ziren gauzak" egiten dihardute. Horrez gain, era horretako proiektuekin elkartu beharraz ere aritu da: "Bai Gatzagatik, bai Elgetatik, bai Debagoienetik, bai Goienatik, eta hedabideak dauden beste eskualdetatik, mapa bakar bat ikusten dugu, eta mapa hori elkarrekin lan eginda osatuko dugu, elkarren arrimura".
Urrutiak ondo gogoan du eguna
Andres Urrutiak gogoan du egun hura: "Niretzat erabaki pozgarria izan zen, eta pozgarria izaten jarraitzen du behinola sinatu genuen hura euskaraz egin genuelako; euskararen normalizaziorako eta normatibizaziorako ekarpen txiki bat. Horrez gain, pozten naiz makro bihurtu duzuelako, euskalgintzaren esparruan erreferente".
Haren hitzetan, erabaki haren oinarria "oso garrantzitsua" izan zen: "Euskalgintzaren hariak instituzionalizatzeko eta erakundetzeko ezinbesteko bidea: dokumentua euskaraz egiteaz gain, euskaraz erregistratzen zen, eta hori bitxia zen. Dokumentu haiek euskararen estatusa goi mailara eramatea lortu zuten, eta euskara bera ere terminologia berri horretan –administrazio arloan, alegia– trebatzea".