Bergarako herriguneko udaleku irekietan 375 bat umek eman dute izena eta horiei gehitu behar zaizkie Osintxuko eta Angiozarko udalekuetako umeak; ume horiekin guztiekin 39 begirale egongo dira. Bergarako San Martin eskolako Haur Hezkuntza gunean elkartu dira umeak eta begiraleak gaur lehenengoz. Udalekutako lehen eguna berezia izaten delako, elkar ezagutzeko eguna.
Gaurkoa, beraz, aurkezpenen eguna izan da eta bihartik eta uztaila erdialdera arte ez da aspertzeko astirik izango. Jardunek udalekuetarako propio atera dituen txapelek diotenez, euskaraz gozatzea delako helburua. Eta umeek ondo pasatzea bada ere lehentasun nagusia, herriarentzat bizipoza ere bada horrenbeste neska-mutiko kaleetan jolasean ikustea.
Oñatin eta Elgetan ere gaur abiatu dituzte udalekuak. Oñatin 505 ume eta 65 begirale arituko dira 10:00etatik 13:00ak arte, eta zaintza zerbitzua egongo da 08:15etik.
Elgetan ere gaur ekin diete udaleku irekiei. Bost astez emango du zerbitzua Udalak, astelehenetik barikura 09:00etatik 13:00etara. Guztira, 103 umek eman dute izena, eta zazpi hezitzaileren gidaritzapean barruko zein kanpoko askotariko ekintzak egingo dituzte.
Arrasaten, Aretxabaletan eta Antzuolan ekainaren 30ean hasiko dira udaleku irekiak eta uztaileko hirugarren astera arte luzatuko dira. Eskoriatzan, berriz, uztailaren 3tik 22ra izango dira eta Aramaion, azkenik, uztailaren 9tik 24ra izango dira.