Familiek osatzen dute Atzegik eta gero eta erabiltzaile debagoiendar gehiago ditu. Eskoriatzan egin dute aurten Debagoieneko Atzegi Eguna. "Eskerrak eman behar dizkiogu Eskoriatzako Udalari. Erraztasun guztiak eman dizkigute eta oso harrera ona egin digute", azaldu du Debagoieneko koordinatzaile Agurtzane Barrutiak. Hain zuzen ere, eguerdian Zaldibar aretoan egindako ekitaldia izan da Dorleta Sologaistoa zinegotzia.
Atzegik bailaran eskaintzen dituen zerbitzuen berri ere eman dute ekitaldian. Erabiltzaileek eman dute, gainera, zerbitzu horietan izandako esperientziaren berri.
Atzegi zerbitzuak Debagoienean
Atzegik 371 boluntario ditu Gipuzkoan. Horietatik, 21 Debagoienean. Erabiltzaileak, berriz, gehiago dira. 31 lagunek hartzen dute parte bailaran Atzegik antolatzen dituen jardueretan eta 26 dira Txolarteetan dihardutenak.
Debagoienean bi txolarte daude, sukaldaritzako hiru talde, dantzako bi eta oporretan joateko hiru talde.
Gainerakoan, askotariko programak ditu martxan Atzetik. Bizitza independenterako laguntza programa da horietako bat. Gipuzkoan 64 erabiltzaile daude, horietatik bost Debagoienean.
Etxebizitza tutelatuen zerbitzua ere ematen dute Atzegitik. Gipuzkoan 37 etxebizitza daude eta Debagoienean hiru; bi Aretxabaletan eta bat Bergaran.
'Ni Zu=' sentsibilizazio kanpaina ere burutu duten aurten. LH6ko ikasleen ikasgeletara joaten dira Atzegikoak sentsibilizazio kanpaina egitera eta ikasleak Gureak tailerretara itzultzen diete bisita. Ikasturte honetan Elgetako Herri Eskolan, Oñatiko Txantxiku ikastolan zein Zuazola Larraña institutuan eta Bergarako Aranzadi ikastolan izan dira.
Gure Txanda programaren bitartek Atzegiko erabiltzaileak boluntario lana egiten dute eta aurten bi jardueratan izan dira: Oñatiko duatloian eta Bergarako Antxintxika lasterketan. "Guk ematen dugu laguntza", azaldu dute.
Lan esparruarekin lotutako Pauso berriak formakuntza programan hiru lagun aritu dira aurten. Guztira, 28 lagun pasa dira eta horietako asko lan munduan praktikak egiten ari dira edo lanean daude.
Azkenik Atseden zerbitzuaren garrantzia azpimarratu dute ekitaldian. Bi egoitza ditu Atzegik Gipuzkoan: Donostian eta Eibarren. Asteburuetan, zubietan edo oporretan ematen den zerbitzua da eta ikasturte honetan bost debagoiendarrek hartu dute parte.
Oporrak datoz orain eta oporretan ere joan nahi dute Atzegiko erabiltzaileek.
Festa handia gaur
Eguerdiko ekitaldiaren ostean Atzegiko kideek kalejira egin dute plazaraino, txistulariek lagunduta. Bazkariaren txanda izan da gero eta mahaitik altxatutakoan dantzaldia izan dute. Gustura ibili dira.