Herritar zaurgarriak laneratzeko bederatzi formazio eskainiko dituzte Mankomunitateak eta Aldundiak

Oihana Elorza Gorostiza 2025ko eka. 18a, 13:09

Zaurgarriak diren herritarrak lanean hasteko bederatzi formazio edo ibilbide ezberdin eskainiko dituzte udazkenetik aurrera Debagoieneko Mankomunitateak eta Gipuzkoako Aldundiak bailarako beste hainbat eragilerekin batera prestatutako Elkar Ekin Lanean programa berrian.

Ikastetxeak, akademiak, elkarteak eta bailarako udalak, daude, besteak beste, eskaintza landu duen lantaldean; Debagoieneko hamabi eragileren arteko elkarlana da eskaintza. Eta elkarlan hori da, hain zuzen ere, bultzatzaileek nabarmendu gura izan dutena, eurendako estrategikoa den programa hau dagokienendako balekoa izan dadin lana bilatzeko.

Guztira bederatzi ibilbide, formazio, eskainiko ditu programa honek, maila ezberdinetakoak. Horien artean, adibidez, instalazio elektrikoak nola egin, biltegiko lanak nola antolatu, zaintza, garbitasuna, mendiko lanak, soldadura, garbitasuna, eraikuntzako mantenuak edo sukaldaritza. Formakuntza bakoitza eragile ezberdinen artean eskainiko dute. Adibidez, instalazio elektrikoen kasuan, eragile batek erakutsiko ditu oinarrizko jakin beharrak, eta beste batek alturan lana egiteko ziurtagiria lortzen lagunduko die, lan elektriko batzuetan eskatzen dute-eta. Berdin biltegiko lanetan, lana batetik eragile batek, eta orgak maneiatzeko titulua beste batek. Sukaldaritzaren kasuan, adibidez, Auzo Lagun ere sartzen da, ikasle horiei praktikak errazteko. Ikastaroetan, baina, formakuntzaren alde teorikoa eta praktikoa edo teknikoa ez ezik, oinarrizko bestelako ikasgaiak ere erakutsiko dizkiete, hala nola, hizkuntza edo matematika.

Bederatzi ibilbide hauen bideragarritasuna gauzatzeko, Gipuzkoako Aldundiak aurrekontu guztiaren %85a ordainduko du eta gainerako %15a Debagoieneko udalek jarriko dute. Aurreko esperientzia ona izan zela ikusita, programa berri honen helburuak ere zehaztu eta finkatu dituzte: gutxienez ikasleen %75ak ibilbidea bukatzea eta %15ak lan kontratu bat eskuratzea. Helburuak lortzeko aurretik egin behar den lana goraipatu du, hain zuzen ere, Dorleta Elkorobarrutiak, Debagoieneko Mankomunitateko presidenteak.

Udazkenean hasiko dira formazio saio gehienak baina izen-ematea zabalik dago dagoeneko. Izen-ematea bateratua da, gainera. Hau da, ekimen honetan parte hartzen duen edozein eragiletan eman dezake izena interesatuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak