Ura eta gerizpea beroaldiaren aurka

Naia Laka Arrizubieta 2025ko eka. 12a, 17:29

Ezohiko tenperaturak izan dira eskualdean, martitzenean Bergaran Gipuzkoako tenperaturarik altuena izan zen 36 gradurekin eta Arrasaten eta Oñatin ere 35 gradura arte heldu ziren termometroak.

Martitzen eta euazten honetan, alerta horian egon gara tenperatura altuengatik, eta herritarrek honi aurre egiteko neurriak hartu behar izan dituzte. Uda ez da ofizialki hasi oraindik, baina ez-ohiko tenperaturak izan ditugu eskualdean, udako beroaldietakoak. EAEko tenperatura altuenetakoak izan ditugu Debagoienean eta martitzenean Bergaran Gipuzkoako maximoa markatu zen 36 gradurekin.

Tenperaturei buruz galdetzean, herritarrek bero kolpea halamoduz daramatela esan digute. Hala ere, beroari aurre egiteko moduak ere badituzte. Batzuek etxean gelditzen dira itzaletan, beste batzuek arropa arinarekin egiten diote aurre, bat edo bestek Usakora edo hondartzara osteratxoa eginda freskatzen da eta garrantzitsuena ura edatea.

Ikasleak ere zorteko daude, garai honetan zeregin gutxiago izateak beroa eramangarriago egiten baitie. Bestalde, etxean adinekoak eta pertsona zaurgarriak dituztenek kontu gehiago izaten dute halako egunetan, zainketa eta arreta gehiago behar baitute beroa jasangarriagoa izateko.

Egunotan oraindik tenperatura altuekin jarraituko badugu ere, aste bukaerarako aldaketa dator eta tenperatura nabarmen jaitsiko da. Bihar egun eguzkitsua eta beroa izango bada ere, gauean zaparrada trumoitsuak botako ditu eta zapatua eta domeka freskoagoak izango dira 20-24 gradu bitarteko maximoekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak