Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki lelopean egingo da ekainaren 7ko mobilizazio nazionala Bilbon, Gure Eskuk antolatuta. Bi urteko dinamika baten barruan kokatzen dute ekimena, eta une esanguratsua izango da herri mugimenduarentzat.
Ekitaldia ez da egun bakarreko mobilizazio hutsa izango, baizik eta ziklo politiko berri baten hasiera gisa aurkeztu dute antolatzaileek. Prozesu horren barruan kokatzen dira Larhungo ekitaldi sinbolikoa eta Ficoban duela gutxi egin den konferentzia politikoa ere. Bilboko hitzorduak egun osoko egitaraua izango du. Goizean jarduera herrikoiak antolatuko dira alde zaharrean, eta arratsaldean egingo da mobilizazio nagusia. Amaitzeko, kontzertuak izango dira.
Autobusak bailaratik
Debagoienean ere mobilizazioa bultzatzen ari dira. Oñatin, Gure Esku taldeak berriz ekin dio jarduerari, eta hainbat ekimen jarri dituzte martxan herritarrak Bilbora bideratzeko. Bailarako herri nagusietatik autobusak antolatu dira, eta parte-hartzea sustatzeko deialdi zabala egin da. Helburua da ahalik eta herritar gehienek bat egitea mobilizazioarekin.
Ekainaren 7ko mobilizazioa mugarri gisa ulertzen dute antolatzaileek, eta aurrera begirako estrategia politikoa zehazteko momentu giltzarritzat dute. Mobilizazioaren bidez, urrats berriak egiteko aukera ireki nahi dute, eta horregatik dei egin diete herritarrei Bilboko mobilizazioan parte hartzera.