Azken urteetan bogan egon den esparrua da energiarena; izan ere, trantsizio energetikoa, energia berriztagarriak, menpekotasun energetikoa eta energiaren kontsumoa dira gaur egun ere pil-pilean jarraitzen duten gaiak.
Garraioa eta industria
Energiaren kontsumoaren datuei erreparatuz gero, eta 2023an Energiaren Euskal Erakundeak emandako datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan garraioaren sektoreak energiaren ia erdia kontsumitzen du (%47,1). Industriak ia %34 kontsumitzen du, etxebizitzetakoa kontsumoaren ia %11 da, zerbitzuek ia %8 kontsumitzen dute eta nekazaritzako eta arrantzako kontsumoa ez da %1era iristen. Gipuzkoako datuek ere antzeko joera erakusten dute: garraioa da gehien kontsumitzen duen sektorea (%49,8), industriarena hurrengoa (%34), eta kontsumo txikiagoarekin daude etxebizitzarena (%9,4), zerbitzuena (%6,3) eta nekazaritza eta arrantzarena (%0,5).
Joera hori, ordea, aldatu egiten da Debagoieneko datuei erreparatuta. Debagoiena 2030 sareak (D2030) emandako 2019ko datuek diotenez, Debagoienean industriaren sektoreak energiaren kontsumoaren erdia hartzen du bere gain. Garraioarena, berriz, bigarren mailara igarotzen da (%33), eta atzetik daude etxebizitzen (%9) eta zerbitzuen (%8) sektoreak. Nekazaritza eta arrantza sektorearen daturik ez dago.
ENERGIAREN KONTSUMOA SEKTOREKA | |||
Sektorea | 2023 EAE | 2023 Gipuzkoa | 2019 Debagoiena |
Industria | %33,8 | %34 | %50 |
Garraioa | %47,1 | %49,8 | %33 |
Etxebizitza | %10,6 | %9,4 | %9 |
Zerbitzuak | %7,9 | %6,3 | %8 |
Nekazaritza eta arrantza | %0,6 | %0,5 | - |
EAEko eta Gipuzkoako kopuruen eta Debagoienekoen arteko aldea ulertzeko, honako irakurketa hau egiten du D2030eko energia-eremuko arduradun Aritz Ameztegik: "Alde batetik, EAEko eta Gipuzkoako eta, bestetik, Debagoieneko energia kontsumoen patroien diferentzia gertatzen da, batez ere, Debagoiena eskualde industrializatua delako. Azkenean, eskualde honetan altzairuak eta metal eraldaketak egiten dira, eta horrelako prozesuek izugarrizko energia mordoa behar dute. Hortik dator, batez ere, diferentzia". Ameztegik dioenez, EAEko patroia errepikatzen da bailarako herri batzuetan, eta horri gehitzen dio badagoela Euskal Herriko herri guztietan errepikatzen den joera: "Garraio eta industria sektoreen kontsumoaren batura %80tik gorakoa da".
Bailarako herriz herriko egoe-ari erreparatuz gero, "bakoitzak bere zigilua" duela dio D2030eko kideak: "Arrasaten, esaterako, industriaren eta mugikortasunaren arteko ezberdintasuna ez da horren handia, baina Oñatiko eta Eskoriatzako aldea, berriz, izugarria da, eta Bergara ere hor-hor dabil. Elgetaren edo Antzuolaren kasuan, industria duten arren, askoz ere beherago gelditzen dira eta garraioa igo egiten da. Ez dago estandar bat, bakoitzak berea dauka", dio Ameztegik.
Elektrizitatean handiena
Energiaren kontsumoari dagokion herriz herriko ezberdintasuna ere gertatzen da elektrizitate kontsumoaren esparruan. 2022an Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) emandako datuen arabera, Debagoienean, biztanle bakoitzak batez beste 9.772,1 kilowatt kontsumitzen ditu urtean. Hala, Euskal Autonomia Erkidegoko datuekin –6.378,30 kilowatt urtean biztanleko– eta Gipuzkoako datuekin –6.927,50 kilowatt urtean biztanleko– alderatuta, dezente handiagoa da bailarako elektrizitate kontsumoa. Gainera, Debagoieneko herrietako elektrizitate kontsumoan ere alde handia dagoela adierazten dute datuek; izan ere, Eneregiaren Euskal Erakundearen 2022ko datuen arabera, Eskoriatza –19.062,60 kilowatt– eta Oñati –11.720,20 kilowatt– dira biztanleko urtean elektrizitate kontsumo handienak dituzten herriak; Leintz Gatzaga –2.274 kilowatt– eta Aramaio –1.714,50 kilowatt–, berriz, txikienak.
Berriztagarrien gorakada
Energia berriztagarrien portzentajea "pixkanaka-pixkana- ka igotzen" ari dela dio Ameztegik. Bailarako datuei erreparatuta, gainera, "2019tik 2021era instalatutako fotovoltaikoen kopurua %65 igo" dela dio D2030eko kideak, nahiz eta ñabardura bat egiten duen: "Abiapuntua oso txikia zen, eta oraindik eragina ez da nabarmena; baina etorriko da".
Debagoieneko diagnosia
2019an jasotako datuak eguneratzen dihardute Debagoiena 2030 egitasmoko kideek, baina oraindik datu guztiak jaso gabe dituzte. Argindarraren kontsumoaren gaineko informazioa jaso dute, eta datuek diotenez, "pandemiako beherakadaren ondoren, aurreko balioetara iritsi da. Ez da 2019ko mailara iritsi, baina gorakada izan du berriro ere. Espero duguna da jende askok orain arte hartutako neurrien emaitzak ikustea datozen urteetan; izan ere, jende asko ari da energia-komunitateen inguruan lanean, eta ikusiko dugu ea horien inpaktua zenbatekoa den 2025etik aurrera", dio Ameztegik.