Azken urteotan egin moduan, Debagoieneko Gurutze Gorriak egiten duen lana eta lan hori egiteko modua erakutsi nahi izan du eta hori horrela, ate irekien jardunaldia egin dute Elorregiko instalazioetan.
"Jende gugana hurbiltzea nahi dugu gaurko jardunaldiarekin, egiten dugun lana zein den azaldu eta bazkideei erakutsi euren ekarpenenak zertara bideratzen diren", azaldu du Gurutze Gorriko boluntario Elena Ibarrondok eta gaineratu du askorentzat ezezaguna dela egiten duten lana: "Oraindik ere zabalduta dagoen ideia da Gurutze Gorria anbulantzietara dagoela bideratuta, eta hori ez da horrela. Azken urteetan gizarteari laguntzean dago murgilduta: Arrasaten, adibidez, osasunarekin lotutako talde bat dao; beharra duten pertsonentzat laguntza ematen dugu; Eskola Arrakasta programa…". Une honetan 60 inguru dira Debagoieneko Gurutze Gorrian dabiltzan boluntarioak.
Hala, Elorregiko egoitza bisitatu ahal izan dute ate irekien jardunaldira joan direnek, eta errepidearen beste aldean, autobus geltokiaren inguruan, anbulantziak eta ibilgailuak barrutik ere ikusi ahal izan dituzte. Boluntarioek, era berean, lan egiteko moduaren erakustaldiak egin dituzte eta umeendako jolasak ere egon dira. Bazkide direnek, gainera, diploma bat ere jaso dute.