Bederatzi greba egun, mobilizazio andana eta negoziazio ordu luzeen ostean heldu da adostasuna. Akordioa lortu duten sindikatuek bertan behera utzi dituzte datorren asterako deitutako grebak, baita gaur hiriburuetan egitekoa ziren hezkuntza komunitate osoaren mobilizazioak ere.
"Akordio historikoa" Jaurlaritzarentzat
Hezkuntza Sailaren arabera, sinatutako akordioa euskal eskola publikoa eraldatzeko urrats garrantzitsua da, hezkuntza sistema indartzen duena. "Irakasleen eskura baliabide gehiago jarriko ditugu emaitzak hobetzeko, ikasleen ongizate emozionalari eta aniztasunari erantzun hobea emateko, eta ikastetxeetan euskara indartzeko", azaldu du Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak. Era berean, ratioak jaitsiko direla, Lehen Hezkuntzan eskola-orduak murriztuko direla eta ordainsari-hobekuntza "arrazoizkoa" adostu dutela zehaztu du.
Sindikatuak pozik
Akordioa sinatu duten sindikatuak pozik agertu dira lortutako adostasunarekin. Steilas sindikatuak azpimarratu du akordioa astebeteko grebaren atarian eta hezkuntza komunitatearen babesarekin deitutako manifestazioaren bezperan lortu dela. Haren iritziz, azken hilabeteetako greba eta mobilizazio dinamika izan da "negoziazioa hauspotzeko biderik eraginkorrena".
LAB sindikatuak nabarmendu du langileon borrokaren bidez lortu direla "hezkuntza kalitatea hobetzeko eskatzen genituen baliabideak, lan baldintzak hobetzea, lan zamak arintzea, soldataren igoera, ordezkoen udako kobraketa, edoskitzea luzatzea, bitartekotasun tasa %5ean kokatzea edo gazteberritzerako neurriak". Bereziki azpimarratu du sindikatuak azken 15 urteetan lehen aldiz soldatak bertan adostu izana, garrantzi bereziko aurrerapausotzat hartuz.
ELA akordiotik kanpo
ELA, berriz, kritiko agertu da Jaurlaritzarekin sinatutako akordioarekiko eta ez du ituna sinatu. Bere ustez, gainerako sindikatuek "gobernuaren presioei men egin diete", eta salatu du irakasleen borrokak "horrelako amaierarik ez zuela merezi". ELAren esanetan, sinatutako hitzarmenak "gabezia garrantzitsuak" ditu, eta "aldarrikatutako eduki asko" falta dira, "esanguratsuak" eta ezinbestekoak zirelako.
Adostu dituzten puntuak
Steilas sindikatutik esan dutenez, honako puntuak adostu dituzte:
Lan zama: ordu lektiboak jaitsi eta baliabide gehigarriak txertatu dira. LH eta HHn 21 ordu lektibo izango dituzte (murriztuko diren bi orduak norberaren irakaskuntza prozeduren hobekuntzarako erabiliko dira). BHn 17 ordu lektibo gehienez (Hedatze barne) eta irakasleak 23 orduen baitan familiak artatzeko ordu osagarria izango du. 2025-2026 ikasturtetik aurrera aplikatuko da neurri hau. Desburokratizatu egingo dira irakaskuntza-lanaren funtzio edo zeregin osagarriak, irakasleen lan-zama arintzeko.
Baliabideak: 800 langile inguru gehiago izango dira. Baliabideak esleitzeko betekizunak malgutu dira, eta hala lanpostu gehiago sortuko dira. Euskararekin lotutako baliabideak gehituko dira, HIPI eta EUSLE orduek gora egingo dute. Aldi berean, Hizkuntza Proiektutarako Mentoreak sortuko dira euskara indartzeko. EHI/ALE baliabideak ere handituko dira. Ongizate emozionalaren figura berria sortuko da zentro guztietan, eta orientazio-figurak edota PTak handituko dira LHko zentroetan.
Gazteberritze plana: 60 urtetik aurrera, erretiroa hartu arte herena murrizteko aukera izango dute langileek, simulaziorik aurkeztu gabe eta 65etik gora irakastorduen erdia murriztuko da. Aurreko neurriaz baliatu beharrean, irakastorduen murrizketa metatzeko aukera badago guztiontzat (zuzendaritzak, aholkulariak, ordu lektiborik ez duena…). Gehienez ere 18 hilabete lehenago etxera joatea ekarriko luke horrek.
Ordezkoen uda kobraketa berreskuratu da: 165 egun lan egin dutenek uztaila eta abuztua kobratu, kotizatuko eta puntuatuko dute. Horrez gain, ordezkoen lan-baldintzak parekatu eta hobetuko dira, karrerako funtzionarioenekin berdintze aldera.
Ordainsaria: %7ko soldataren igoera. Datozen urteetan funtzio publikoan aplikatuko diren igoerez gain, %7ko soldataren igoera izango da hurrengo hiru urteetan. 2025eko ekainean hasita %2 (irailean kobratuko litzateke lehendabiziko igoera atzeraeraginez), 2026-2027an %2,5 eta 2027-2028an 2,5.
Horiez aparte, LAB sindikatuak beste honako hauek ere azpimarratu ditu:
- Hezkuntza Konplexutasun Indizeko baliabideak gehitzea.
- Zuzendaritza taldeetarako baliabide gehigarriak.
- Ongizate eta Babeserako koordinatzaileak, besteak beste, hezkidetza lantzeko ere baliagarriak izango direnak.