Hilabete ezegonkorrak izan dira azkeneko hauek Frantzisko lehena aita santuarendako. Otsailaren erdialdean ospitalera eraman zuten 88 urteko elizgizona, pneumoniagatik, baina martxoaren 23an irten zen bertatik; igandean, berriz, agerraldia egin zuen Vatikanon, urbi et orbi bedeinkazioa emateko. Bertan itxura onik ez zuela aitortu arren, heriotzak sorpresaz harrapatu duela dio Horazio Argaratek, Oñatiko parrokoak: "Nahiz eta atzo jai izan, lanean nenbilen, gai batzuk nituela aurrera ateratzeko. Pako jaitsi zen, beste abadea, eta esan zidan aita santua hil zena. Hasieran, tira, fake news garaiotan, pixka bat ea egitea izango ote zen... Domekan ikusi genuen balkoia, itxura oso txarra zuen egia esateko, baina, azkenean, heriotza beste nonbaitetik etorri zaio, buruko jario batetik. Baina, horixe: sorpresa handiarekin".
Zendu berri den aita santuak eginiko lanari dagokionez, Argaratek lan handia egin duen aita santutzat du: "Hamabi urtetan gelditu gabe ibili da, han eta hemen, leku guztietan, eta baita eliza barruan ere. Dokumentu oparoak sortu ditu, oso sakonak, eta egungo garaietarako oso-oso momentuko gaiak izan dira: ekologismoa, atzerritarren etortzea, eta abar". Hain zuzen ere, izaera eta pentsamendu aurrerakoidun aita santutzat hartu izan da Frantzisko, eta Argarate bat dator horrekin, gizarte hobeago baten alde lan egin duela azpimarratuz: "Elizaren baitan tira-bira handiak sortu dira, gizon honek mahai gainean ipini baititu gai oso-oso eztabaidagarriak. Gizon honek, aita santu honek arazoei aurre egiteko egin duen lana oso inportantea izan da. Azkenean, ebanjelioaren muina ere hor dago, ezta? Gizarte zuzenago bat sortzean, eta oso-oso estimatua izan da alde horretatik".
Debagoieneko hainbat herritarrek ere Argarateren antzerako iritzia dute, GOIENAri jakinarazi diotenez.
Konklabea, maiatza aldera
Maiatza aldera hastea espero da Aita Santu berria izendatzeko konklabea, eta oso eztabaidatua izango dela uste du Argaratek: "Uste dut 132 direla barruan sartzen direnak, baina, esan hau ere esan beharra dago: elizaren legean, bi baldintza bakarrik daude aita santutzat hautatzeko: gizona izatea eta bataiatua. Nik uste dut konklabe oso eztabaidatsua izango dela, jende kontserbadore oso iaioa eta oso zentzuzkoa ere hor baitaude sartuta, eta horiek ere beren alde joko dute; eta beste aldetik, berriz, besteak daude. Sokatira horretan ikusiko dugu...".