DebaTea duela urtebete errotu zen elkarte gisa, eta, familiek euren seme-alabendako ekintzak antolatzeaz batera, sentsibilizatzeko eta ezagutzera emateko saioak ere egin izan dituzte. Hala ere zerbitzuak jasotzera kanpora joan beharrean, debagoienera ekartzea erabaki eta lortu dute.
DebaTea elkarteko Izaskun Diaz de Gereñuk "Ikusten genuen bailaran zerbitzu gutxi zeudela. Gehienak Donostiara, Gasteizera, Azpeitira… joan behar ziren. Gure seme-alabei estresa sortzen die horrek, denbora, dirua… eta pentsatu genuen hemen sortzea zentro bat terapia okupazionala emateko, zerbitzu ezberdinekin. Ateak jotzen hasi, eta, urtebetean lortu dugu".
Ahalik eta autonomoen izateko
Haurraren garapen optimoa sustatzeko helburuarekin, etxetik gertu izango dute terapia okupazionala jasotzeko zerbitzua. Lan horretan arituko da Nekane Atxa terapeuta okupazionala. "Etorriko diren haurrei lagunduko diegu euren indarguneak eta lanerako helburuak kontuan hartuta. Beti ahalik eta autonomoen izaten lagunduko diegu, egunerokotasuneko jardueretan. Bilatuko dugu jolasean, parte-hartze sozialean, ikasketa prozesuan… ahalik eta autonomoen izateko bidea".
Lanerako modua ezberdina izango dela gaineratu du Atxak, autismoaren espektroa oso zabala delako, eta, beraz, bakoitzak ezaugarri jakin batzuk dituelako. Zerbitzua elkartekideentzat izango da zerbitzua, eta eskaripekoa. "Momentuz esku-hartze zerbitzua indibiduala izango da, baina, ez dugu baztertzen etorkizun baten taldeko dinamikak planteatzea. Zerbitzua aberastuko da diziplina anitzekoa bihurtzen denean".
Harremanetarako bidea
Izena emateko edo informazio gehiagorako, debatea.elkartea@gmail.com helbidera idatzi, edo, 641 350 324 telefonora deitu daitekeela adierazi dute, Arrasateko Udalari Aretxabaletakoari, Kulunka Elkarteari, Kurtzebarri Eskolari eta Arizmendi Ikastolari eskerrak ere eman diote DebaTeakoek proiektua egitea posible egiten laguntzeagatik.
Autismoaren Egunaren ospakizuna
Zapatuan, Aretxabaletan 12:00etatik aurrera zenbait ekintza izango dira, eta beraz, Aretxabaletan egingo den Autismoaren Egunera batzeko dei ere egin dute. 12:00etatik aurrera, Iralabarri plazan izango dira hainbat ekintza.