Edukiontzien erreketak: mota askotako galerak

Jone Arruabarrena 2025ko mar. 21a, 06:23

None

Azken urteotan maiz gertatu dira edukiontzien erreketak Debagoienean. Mankomunitateak erreketen inguruko hausnarketa sustatu, eta, kalte ekonomikoez gain, ingurumenean zein bizilagunetan suteek eragiten duten kalteaz ohartarazi du.

"Kalte ekonomikoez gain, ingurumena, bizilagunak, eskualde osoko herritarrak... denok gara kaltetuak hondakinen edukiontziak erretzen direnean". Mankomunitateko lehendakari Dorleta Elkorobarrutiaren hitzak dira. Mankomunitateak berak eman ditu erreketek eragindako kalteen zifrak, baina mezu argia zabaldu dute: zifrez haratago, bestelako kalte garrantzitsuak eragiten dituzte erreketek, ingurumenari eragiten diote, eta, batez ere, bizilagunei. 

Erreketek dakartzaten kalte ekonomikoak 43.773,38 eurokoak direla esan du Mankomunitateak. Eta zifra hori garrantzitsua dela nabarmendu du Elkorobarrutiak, baina beste alderdi batzuk ere kontuan izatekoak direla azpimarratu du: "Ekonomikoki daukan kostu itzela etortzen zaigu burura horrelako gertakariren bat jasaten dugunean, baina... zer ondorio ditu ingurumenarentzat? Gertu bizi diren biztanleentzat? Erreta dagoen edukiontzi hori batzea tokatzen zaien langileentzat? Zer hausnartu badugu komunitate bezala, kalte ekonomikoez harago joanda ere". 

Izan ere, edukiontziak plastikoz, metalez zein beste hainbat materialez eginda daudenez, horiek erretzean substantzia toxikoak aireratzen dira, eta horrek eragina du bai ingurumenean, baita inguruko airea arnasten duten pertsonengan ere. Hauxe esan du Elkorobarrutiak: "Ezin ahaztu gaitezke edukiontzi erre baten inguruan etxeak, parkeak... pertsonak daudela. Pertsonen osasun eta segurtasuna lehenesten dugu eta horrelako ekintzen aurrean ondorio eta kalteak gutxitzen saiatzen ari gara”. 

Edukiontzien erreketak

Hilabetea Herria Kopurua
Urtarrila Aretxabaleta 5
  Bergara 2
Otsaila Eskoriatza 2
  Aretxabaleta 5
Martxoa Aretxabaleta 4
  Arrasate 12
  Elgeta 5

Iturria: Debagoieneko Mankomunitatea

Prebentzio neurriak 

Hain zuzen, suteen kalteak murrizteko hainbat neurri hartu ditu Mankomunitateak azken urteetan. Batetik, edukiontziak jartzeko guneak lekuz aldatu dituzte, kasu batzuetan etxebizitzetatik urrunduta. Era berean, edukiontzien ordena aldatu egin dute, zabor organikoa daukan edukiontzia erdian jarrita, sua zabaltzeko aukerak gutxitzeko. Azkenik, plastikozko edukiontzi batzuk kendu egin dituzte, eta edukiontzi metalikoak jarri dituzte haien ordez. Era horretako 42 edukiontzi erosi dira, hain zuzen, azken lau urteotan.

LEKU BATZUETAN PLASTIKOZKO EDUKIONTZIAK METALEZKOEKIN ORDEZKATU DITUZTE

Baina, hala ere, Mankomunitateak adierazi du irtenbidea ez dela plastikozko edukiontzi guztien ordez metalezkoak jartzea, horiek ere badauzkatelako alde txarrak. Batetik, kontuan izan behar da oraingoz erosi diren 42 edukiontzi horiek 70.186,05 euroko gastua ekarri dutela. Bestalde, desabantaila gehiago ere aipatu ditu Elkorobarrutiak: "Suteren bat gertatzen bada edukiontzi metalikoek abantailak dituztela esan dezakegun arren, badituzte ingurumenarekiko, egunerokotasunean gertu bizi diren biztanleekiko eta zerbitzuarekiko desabantailak; adibidez, zarata handiagoa. Beraz, aldaketak egin ahal izateko, kasuan kasu azterketa sakona egin beharra egoten da".

Hala ere, irtenbide materialez harago, Elkorobarrutiak adierazi du heziketan dagoela gakoa, arreta "ardura kolektiboan" jartzean, hain zuzen. Bide horretatik, konponbidea "erreketak ekiditea" dela adierazi du: "Horretarako ezinbestekoa dela uste dugu ikerketa sakonagoak egitea eta ardura kolektiboan sakontzea, denon betebeharra baita ingurumenarekin eta inguruko elkarbizitzarekin arduratsu jokatzea”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak