Gazte zein adineko, "pozik" Bizitza Betea proiektuaren orain arteko ibilbidearekin

Goiatz Arana Begiristain 2025ko mar. 21a, 12:14

Leintz bailarako adinekoak eta Arizmendi Ikastolako Lanbide Heziketako ikasleak Arrasateko Kulturateko areto nagusian batu dira, gaur, Bizitza Betea proiektua aurkezteko eta orain arteko ibilbidearen balorazioa egiteko. Fase pilotuak emandakoarekin "oso pozik", jarraitzeko borondatea erakutsi dute.

Joan den ikasturtean hasi zen proiektua, Helduak Adi! elkartearen eta Bizipoz kooperatibaren eta Arizmendi Ikastolako Lanbide Heziketaren arteko elkarlanarekin. Bailarako adinekoen eragileen mapa bat sortu eta euren nahiak, premiak eta elkarlanerako interesak identifikatu zituzten. Lan hartatik abiatuta eta Gipuzkoako Foru Aldundian (Etorkizuna Eraikiz programaren baitan) egindako eskaera onartuta, martxan jarri zuten ekimena, oraingo ikasturteari begira.

Hiru zutabe nagusi ditu proiektuak:

  1. Bizitza Betearen ikuspegia: Adineko pertsonek izan ditzaketen premia konkretuei erantzutea, zahartzaro aktibotik harago doan kontzeptuari helduz.
  2. Belaunaldiartekotasuna: Adin guztietarako gizartea osatu ahal izateko, gazte eta helduek elkarlanean jarduteko aukera ematen duten testuinguru pedagogiko-afektiboak sortzea.
  3. Zerbitzu Ikaskuntza: Ikasleek ikasketa prozesuan zehar garatu beharreko gaitasunak eskuratzeko, adineko pertsonekin batera aurrera eramandako proiektuetan parte hartzea.

Hamabost tailer

Lanbide Heziketako ikasleek hamabost tailer eskainiko dituzte, guztira:

  • Osasun larrialdietakoek, lau: Heimlichen maniobra, sinkopeak, Bihotz birika bizkortzea (BBB) eta odol jario eta erredurak.
  • Mikroinformatikakoek, hiru: Online aukerak, 3D inpresioa eta ziurtagiri digitalak.
  • Erizaintzakoek, bi: Gaixotasun fisiko eta psikikoen detekzio goiztiarra eta prebentzioa, eta Heimlich elikadura.
  • Gizarte eta Kirol Animaziorako Irakaskuntzakoek (GIKAI), sei: Indar entrenamendua, K-Stretch, Zumba, erorketarik ez, Nordic
    Walking eta Yoga hastapenak.

Arizmendi Ikastolako Arrasateko Ferixalekua gunean dira tailer guztiak. Hala ere, Aita Menni eguneko zentrora, Atartera, GSRra eta Eskoriatzako Jose Arana eguneko zentrora ere joango dira ikasleak, horietako egoiliarrei tailer batzuk eskaintzera.

172 hartzailek erakutsi dute interesa, jada, tailerretan parte hartzeko eta zen-emateak zabalik jarraitzen du (adinarte@arizmendikide.net). Saioetako batzuk egin ere egin dira eta balorazioa "oso positiboa" da, bai adinekoen eta bai gazteen partetik. Horregatik, proiektua egonkortzeko eta, ahal bada, eskaintza osatzeko borondatea erakutsi dute bultzatzaileek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak