Elene Guridi eta Maren Lezeta, bi debagoiendar Realaren talde nagusian

Xabier Urtzelai 2025ko mar. 14a, 17:36

Realeko talde nagusian dabiltza jokatzen Elene Guridi oñatiarra eta Maren Lezeta aretxabaletarra. Gainera, otsailean kontratua berritu berri dute klub txuri-urdinarekin. Realaren egoeraz eta futbolean egiten dabiltzan bideaz egin dute berba GOIENArekin.

Realak Manchesterren jokatu beharreko partiduaren bezperan, lasaitasuna da nagusi Zubietan. Imanol Alguacilen taldeak lehenago egin du Ingalaterrara bidaia, eta klub txuri-urdinaren kirol instalazioetan apenas dago mugimendurik. Goizeko lan-saioa eginda, eta taldekideekin bazkaltzera joan aurretik, Elene Guridi (Oñati, 2002) eta Maren Lezeta (Aretxabaleta, 2005) GOIENArekin izan dira. Une gozoa bizitzen ari dira, taldeak denboraldian zehar izan ditu momentu hobeak –lau partidu daramatzate garaipenik gabe–, baina, arlo pertsonalean, biek berritu berri dute Realarekin kontratua. Guridik denboraldi hasieratik darama talde nagusiaren dinamikan, eta Lezeta orain igo dute talde horretara.

Gaurko lanak eginda? Ala arratsaldean ere entrenatzen zarete?

Elene Guridi: Ez, gaurko lanak amaitu ditugu, arratsaldean atseden hartuko dugu.

Baduzue egunen bat besteak baino astunagoa? Arlo fisikoa lantzea tokatzen delako, bideoak errepasatu beharra...

Maren Lezeta: Tira, partidua gerturatzen doan neurrian, entrenamenduak lasaiagoak izaten dira, baina partiduaren tentsioa sumatzen da. Eta gero, aste barruan izaten ditugu entrenamendu-egun gogorragoak.

Asteburuan Levanteren kontra jokatuko duzue; ez zaituztegu boladarik onenean harrapatu, nahiz eta bosgarren zaudeten ligan.

E.G.: Partidu zaila izango da; egia esan, hemen ez dago kontrario errazik. Sailkapenean atzealdeko postuetan dagoen taldea da, baina azkenengo partidua irabaztetik datoz, eta jaitsiera postuetatik irteteko helburuarekin etorriko dira. Gu, berriz, zuk esan moduan, ez gaude momenturik onenean. Taldea ez dut gaizki ikusten, esango nuke ondo ari garela jokatzen, baina emaitzek ez dute lagundu. Sarritan esaten dugu futbolak astero ematen dizula egoera hori aldatzeko aukera, hiru puntuak irabazteko aukera, eta horretara joango gara.

Egutegiari dagokionez, kontrario gogorrak izango dituzue aurki: zuen aurretik dauden Atletico Madril, Real Madril ondoren...

M.L.: Barkatzen ez duten taldeak dira horiek, eta horregatik daude aurrean. Eta guri azken asteotan gola falta izan zaigu, joko aldetik ez gabiltza-eta txarto. Baina hobetu egin behar dugu horretan; euren kontra ondo lehiatu gura badugu, suspertu egin behar dugu.

Arlo pertsonalean, otsaila hilabete garrantzitsua izan da zuendako, biok berritu duzue kontratua Realarekin. Zer esan nahi du horrek?

E.G.: Pertsonalki ilusioa eta harrotasun handia ematen didan zerbait da. Nire betiko taldea izan da Reala, beti izan dut bertan jokatzea amets, eta amets horri beste bi urtez jarraipena eman ahal izatea ederra da.

M.L.: Ados nago Elenek esandakoarekin. Gainera, azken urteak bertan egin ditugu lanean, eta aurrerapausoak ematen goazela ikustea gauza polita da. 

Maren Lezeta –ezkerrean– eta Elene Guridi –eskuman–, Realarekin jokatzen. Argazkia: Real Sociedad.

Futbol jokalari profesionalak zaretela esan genezake? Ala hemendik kanpora beste ogibide bat ere izan behar duzue?

E.G.: Ez, futbol jokalari profesionalak gara. Azken urteotan emakumezkoen futbolean aurrerapauso handiak eman dira, eta horietako bat izan da honetara dedikatu gaitezkeela ehuneko ehun.

ELENE GURIDI: "BELAUNEKO LESIOA IZAN NUENETIK ASKOZ GEHIAGO BALORATZEN DUT DENA"

Esan dugu momentu gozoan zaudetela, baina momentu txarrak ere bizi izan dituzue; bereziki, lesioekin. Sarritan esan ohi da hazten laguntzen dutela, baina...

E.G.: Nik bai esango dizut belauneko lesioaren aurreko Elenek ez duela oraingoarekin zerikusirik [lotailu gurutzatua apurtu zuen duela hiru urte]. Egia da hasieran dena beltz ikusten duzula, baina, nire kasuan, lagundu egin dit, gaur egun gauzak beste modu batean baloratzen ditudalako. Badakit topikoa dirudiela, eta ez dut esango eskertu egiten dudanik lesionatu izana, baina arlo askotan hobetzeko lagungarria izan da.

M.L.: Nik halako lesio gogorrik ez dut izan, baina belaunean ebakuntza egin zidaten, meniskoan arazo bat neukalako, eta orkatilako lesio bat tarteko azken bi urteotan ere jarraikortasun gutxi izan dut. Bada, azkenaldian arazo barik nabil, eta eskertzen da.

Eliteko futbolak presio handiagoa du: astero jokatu nahi izatea, ondo jokatzeko nahia, kontratuak berritu beharra...; eta, askotan, zorrotzegiak izaten gara geure buruarekin. Izaten dituzue halako burukominak?

E.G.: Nik bai igarri dut talde nagusira salto egindakoan presio handiagoa dugula; bigarren taldean zaudenean, lasaiago bizi zara. Talde nagusian, berriz, halako burutazioak sarriago izaten ditugu, eta horiek ere kudeatzen jakin behar dugu; izan ere, burua gorputza bezain garrantzitsua da, eta burua ez baduzu ondo... gainontzekoak ere ez du ondo funtzionatuko. M.L.: Ni talde nagusira iritsi berria naiz, eta, Elenek dioen moduan, presioari dagokionez sekulako aldea dago: aste barruko entrenamenduak... partiduak...

E.G.: Gauza guztiekin moduan, zenbat eta esperientzia handiagoa izan orduan eta hobeto kudeatuko dira halako kontuak. Horretan adinak ere dezente lagunduko du. Hasiberriak garen honetan, denak sorpresaz harrapatzen gaitu, eta hori normala da.

MAREN LEZETA: "ERDILARIAK GARA BIOK, BAINA NIK AURRERAGO JOKATZEN DUT"

Futboletik harago ere, asmoa bada zuek biok apur bat gehiago ezagutzea. Uste dut Donostian bizi zaretela; hasi zarete futbol jokalariaren zama igartzen? Alegia, jendeak ezagutzen zaituztete?

M.L.: Ni ez naute ezagutzen, iritsi berria naiz talde nagusira. Bi urte daramatzat Donostian bizi izaten, eta, alde horretatik, oso lasai bizi naiz. E.G.: Ez, ni ere ez naute ezagutzen; Marenen moduan, ni ere nahiko berria naiz [Barre]. Baina gertatu izan zait gu baino ezagunagoak diren taldekideekin kalean joatea eta eurak bai geraraztea. Horrek erakusten du jendea emakumezkoen futbolera ere engantxatzen dabilela, eta hori ona da.

Alokairuan bizi zarete; nahiago duzue taldekideak izatea pisukide ala ez?

M.L.: Nik orain arte futbolaz zerikusirik ez duten pisukideak izan ditut, ez naiz taldekideekin egon, eta esango nizuke nahiago dudala horrela. Zubietan bestela ere ordu mordoa egiten ditugu elkarrekin. E.G.: Nik ere berdin. Badira lauzpabost urte Donostian bizi naizela, eta ni ere ez naiz taldekideekin bizi izan. Ona da hemendik kanpoko jendearekin harremana izatea. Adibidez, Zubietan entrenatzen egun txar bat izan baduzu, ondoren etxean ez duzu futbolaz berba egiten jarraitu nahi, eta esango nuke taldekideekin bazaude zailagoa dela futbolaz berba ez egitea.

Maren, Elene nagusiagoa izanda, lagundu dizu talde nagusira salto egin duzun honetan?

E.G.: [Barre].

M.L.: Bai; gogoan dut talde nagusian ez nuela inor ezagutzen, eta bigarren taldean zure ondoan egon den jokalari baten erreferentzia izateak izugarri laguntzen du.

Erdilariak zarete biak; elkarren artean baduzue lehiarik?

M.L.: [Barre] Bai, erdilariak gara biok, baina ez dugu postu berean jokatzen. Nik gehiago jokatzen dut aurrera begira, eta Elenek atzerago jokatzen du.

E.G.: Zorionez, gure artean ez dago gauza arrarorik [Barre].

Izan ere, hau elitea da: talde bereko kide zarete, baina bakoitzak berdegunean ahalik eta minutu gehien jokatu nahi ditu... 

E.G.: Halaxe da, taldekideak gara, baina gutako bakoitzak interes pertsonalak ere baditu, zentzurik onenean esanda. Eta taldearen interesak gailentzen badira ere, denok nahi dugu hasierako hamaikakoan egon; horrenbestez, badago lehia. Baina lehiak sanoa izan behar du, ondokoari ere hobetzen lagunduko diona. Joka dezala momentuan ondoen dagoenak, eta, bitartean, besteak lanean jarraitu behar du.

Galdera azkarrak:

Zuzenean ikusi duzuen azken kontzertua?

E.G.: Idoia Asurmendi, Tolosan.

M.L.: Andramaixetan, baina ez dut gogoan nork jo zuen [Barre].

Zuen Spotifyn sartuko bagina... zer azalduko litzateke?

E.G.: Denetarik.

M.L.: Berdin... Euskarazko taldeak, erdarazkoak...

Egin duzuen azken bidaia?

E.G.: Algarvera, lagunekin.

M.L.: Saloura, etxekoekin.

Gustuko jaki bat?

E.G.: Dena dut gustuko! Hor harrapatu egin nauzu, ezin aukeratu! Akaso, okela arrainaren aurretik.

M.L.: Nik, alderantziz, arraina esango dut. Lupia.

Gehien harritu zaituen futbol jokalari bat?

E.G.: Beti nabarmentzen ditugun horiek dira, baina egia da, oso onak dira... Bartzelonako Alexia [Putellas], Aitana [Bonmati]...

M.L.: Erabat ados, horiek nabarmenduko nituzke nik ere.

Herriko jai gustukoenak?

E.G.: Sanmigelak.

M.L.: Andramaixak.

Etxeko lan gorrotagarriena?

E.G.: Etxea garbitzea.

M.L.: Bai, garbiketa lanak.

Futbolak utzi dizuen momentu gogoangarriena?

E.G.: Emaitza ez zen ona izan... baina Kopako finala.

M.L.: San Mamesen jokatutako partidua.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak