Debagoieneko herri guztiek onartu dituzte 2025eko udal aurrekontuak. Elgeta izan zen onartzen lehena, iazko abenduaren 17an, eta Aramaio azkena, aurtengo otsailaren 27an. Guztira 139.157.513 milioi euro kudeatuko dituzte bailarako udalerriek aurten.
Herri bateko biztanle kopuruak eragin zuzena du herri bakoitzeko aurrekontuan. Hala, Arrasatek izango du 2025eko bailarako aurrekontu handiena, 48.303.380 eurorekin; txikiena, aldiz, Leintz Gatzagak, 721.714 eurorekin.
Herriko aurrekontu osoa biztanleen artean banatuta, baina, sailkapena oso bestelakoa da. Hain zuzen, Leintz Gatzagako Udala da biztanleko diru gehien gastatuko duena, 3.436,73 eurorekin; Bergarak, Arrasatek eta Aretxabaletak ere 2.000 euroko langa gaindituko dute. Biztanleko 1.512,98 eurorekin, Eskoriatza da sailkapena ixten duena.
Aurrekontuak egiteko irizpideak
"Udal aurrekontu bat diseinatzen hasteko, udal gobernuak hainbat irizpide jarri ditzake; adibidez, gastu arruntetan urte horretarako aurreikusten den KPIaren igoera aplikatzea", dio aurrekontu bati forma emateko moduari buruz Arrasateko Udaleko kontu-hartzaile Amaia Agirrek, eta gaineratu du bestelako arauak ere badaudela: "Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko 2012ko Lege Organikoaren arabera, hiru parametro jarraitu behar dituzte aurrekontuek. Egonkortasuna da bat, aurrekontua onartzean defizitik ez izateko helburuarekin. Beste bat da zor bizia ezin dela izan aurreko ekitaldian likidatutako diru-sarrera arrunten %70 baino altuagoa. Eta gastu araua da hirugarrena: 2025ean gastatuko dena ezin da izan 2024ko ekitaldian doikuntza batzuekin gastatutakoa baino %3,2 handiagoa". Agirrek dio udal aurrekontua "estimazio" bat dela, eta badaudela bideak urtean zehar beharren arabera moldatzeko.
Inbertsioak eta pertsonala
Pertsonal gastuetara egoten dira bideratuta, hein handi batean, aurrekontuak, baina badaude aldeak herrien artean. Leintz Gatzaga, Eskoriatza eta Oñatin dira aurrekontu osoa kontuan hartuta pertsonal gastura gehien bideratuko duten herriak: %38,59, %33,46 eta %33,15, hurrenez hurren. Gutxien, Aramaiok –%23,06– eta Aretxabaletak –%23,30–.
Inbertsioei dagokienez, Bergarak bideratuko du horretara diru gehien, bai kopuru osoan, baita ehunekoetan ere: 10.783.901 euro, aurrekontuaren %27,97. Oñati da inbertsioetara aurrekontuaren zati txikiena bideratuko duena: %11,51.
Aramaioren kasuan, 2025erako aurreikusitako inbertsio handienak ez daude aurrekontuan sartuta. Udaletik azaldu dutenez, horretarako arrazoia da horiek dirulaguntzekin daudela lotuta eta kopuru aldetik onartutako aurrekontua bera baino handiagoak direla.
Udalen diru-sarrerak
Aurrekontuak finantzatzeko hainbat bide dituzte udalek, eta Udalen Finantzaketarako Foru Funtsa izan ohi da nagusia. "Foru Aldundia da zergekin jasotako dirua kudeatzen duena, eta, irizpide batzuk jarraituta, udal bakoitzari kopuru bat ematen dio, hiruhileko maiztasunarekin ordaintzen dena. Baina, hasiera batean, aurreikuspenak dira, eta gerta daiteke, 2024an gertatu moduan, behin betiko kitapena eginda udal bakoitzari dagokion behin betiko kopurua hasieran uste zena, eta kobratu dena, baino txikiagoa izatea. Kasu horretan, udalek ez dute dirua itzuli beharko, baina hurrengo ekitaldiko lehenengo hiruhilekoan gutxiago jasoko dute: ekitaldi horretarako aurreikusita dagoena ken aurreko ekitaldiko diferentzia", azaldu du Amaia Agirrek.
Eskoriatza izango da 2025ean aurrekontua osatzeko Foru Funtsa gehien erabiliko duena: sarreren %62,65 handik jasoko dute bertan. Elgetan, Antzuolan eta Leintz Gatzagan ere %60tik gertu egongo dira.
Udal tasak eta zergak dira beste bi diru sarrera nagusi. Zergekin zerbitzu orokorrak finantzatzen dituzte, eta ez dute zuzeneko kontraprestaziorik; ibilgailuen, ondasun higiezinen zerga eta jarduera ekonomikoen zergak, esaterako, derrigorrezkoak dira udal guztietan. Oñatin, udal zergak sarreren %22,49 izango dira 2025ean, eta gainerako herri gehienetan, gutxiago izan arren, %20ren bueltako izango da hori. Salbuespenak Leintz Gatzaga –%7,92– eta Aretxabaleta –%14,59- dira.
Tasak, bestalde, eskatutako edo erabilitako zerbitzu batengatik ezartzen dira; urarena edo zaborrarena, adibidez. Diru-sarreretan duten pisuari begiratuta, Arrasate –%18,68– eta Aretxabaleta –%18,63– dira gehien erabiltzen dituztenak; Leintz Gatzaga –%5,15– eta Antzuola –%6,91– gutxien.
Muga batzuen barruan maileguak eskatuta zorpetzeko aukera ere badute udalek. GOIENAri emandako datuen arabera, Bergarak 5.683.368 milioi eroko zorpetzea izango du 2025ean, eta Eskoriatzak, 72.448 eurokoa.