Astorek jantziko ditu, beste denboraldi batez, Emakume Master Cup zirkuituko pilotariak, eta gaur egin dute arropa teknikoaren aurkezpena. 2017tik darama enpresak pilotarientzat arropak egiten, eta aurrerantzean erabiliko dutenek, aldaketa estetikoez gain, aldaketa teknikoak ere izango dituztela adierazi du Astoreko Berrikuntza eta Jasangarritasun arloko zuzendari Edu Uribesalgok: "2017an egin genituen, aurrenekoz, emakumeentzako prakak. Orduan ezberdina zen. Aurten, euren iritziak izan ditugu kontuan eta elkarlanean sortu ditugu praka berriak". Gainera, jantzi guztiak "birziklatuak eta birziklagarriak" direla esan du Uribesalgok.
Emakume Master Cup zirkuituko antolatzaile Iker Amarikak nabarmendu gura izan du Astorek emakumezkoen pilotarekiko egiten duen lana: "Emakume pilotarien alde lan egiten duen arropa marka da. Bederatzi urtez ekoiztu dituzte kamisetak eta prakak; gaurkoan, gainera, pilotariekin batera diseinatutako prakak aurkeztu ditugu". Laboral Kutxa ere bada pilota zirkuitua hasieratik babestu duen enpresetako bat, eta bertako Komunikazio arduradun Marije Etxanizen arabera, "pozgarria" da "hastapenetatik, gero eta emakume pilotari gehiago egotea".
Bailarako pilotariak "pozik"
Madalen Etxegarai oñatiarra eta Arrate Bergara bergararra dira Emakume Master Cup zirkuituan parte hartzen duten bailarako pilotarietako bi –Uxue Oses da hirugarrena–. Bergarak dio pilotariek bazeukatela "prakekin gustura sentitzeko beharra"; hala, euren ardura bakarra "pilotan jokatzea" izan beharko litzatekeela dio bergararrak. Etxegarai ere "pozik eta eskertuta" agertu da enpresak eman duen "aurrerapausoagatik"; izan ere, "arropa teknikoago baten beharra" zuten pilotariek, eta bien arteko elkarlana izatea jarri gura izan du balioan oñatiarrak.
Binakako txapela jokoan
Eskuz binakako txapelketako finalerdiak ate-joka daude dagoeneko, eta bailarako hiru ordezkariak final handira iristeko urrats bakarrera daude. Uxue Osesek Goiuri Zabaletarekin, Madalen Etxegaraik Miriam Arrillagarekin eta Arrate Bergarak Olatz Arrizabalagarekin, jokatuko dute finalerako txartela lortzeko partidua. Hala ere, urrezko ligaxkako azken jardunaldia jokoan dago oraindik, eta horren ostean jakingo du bakoitzak zer bikote izango duen aurrean. Etxegaraik dio buruan beti dagoela "txapela janztea", eta euren ligaxka onena izan ez zela onartzen badu ere, "oso motibatuta" daudela dio oñatiarrak. Bergarak ere onartzen du "semifinal bat jokatzean, finala beti buruan" dagoela, baina pausoz pauso joatea da asmoa: "finalerdiko partidua irabaztea da, momentuz, helburu nagusia. Finalera igarotzen bagara, izango dugu txapelean pentsatzeko denbora".