Euskaraldia 2025

Zapatuan irekiko da Euskaraldian izena emateko epea

Goiatz Arana Begiristain 2025ko mar. 12a, 17:03

Zapatuan irekiko da Euskaraldian izena emateko epea, egun horretatik aurrera herritarrek bat egin ahal izango dute euskararen erabilera aktibatzea helburu duen mugimenduarekin. Belarriprest eta ahobizi rolak izango dituzte aukeran, eta entitateek ere parte hartu ahal izango dute, euskararen presentzia eta erabilera sustatzeko ahaleginean euren alea ipiniz horrela.

Izena emateko aldiaren zabaltzea badator, beraz, eta bada hasiera horrekin bat eginez ekitaldi berezia antolatu duen herririk. Oñatiren kasua da: ekitaldia egingo dute zapatuan eguerdiko ordu batean Foruen enparantzan –eta eguraldi txarra bada, Kontzejupen–. Izen ematearen inguruko informazioa, musika, hamaikakoa... denetik izango da bertan eta herriko hamaikakoa aurkezteko ere baliatuko dute aukera. Arrasaten, Euskaraldiko kamisetak, lanpasak eta kotoizko poltsak erosteko aukera izango da Seber Altubeko azokan, eta izena emateko mahaiak jarriko dituzte auzoz-auzo.

Antolakuntza erritmoa ez da berdina, ordea, herri guztietan. Aretxabaletan, Antzuolan eta Elgetan, adibidez, egunotan dira lehen bilera irekiak egitekoak; eta bi bider elkartu dira, jada, Eskoriatzan. "Eskoriatzan gure erritmoa daukagu, eta egokitu dugu Euskaraldia herriak duen errealitatera. Aste honetan, martxoaren 10ean, eduki genuen batzordearen bigarren bilera; horrenbestez, martxoa barne-antolaketarako hartuko dugu, eta apirilean hasiko gara izen-ematearen sustapenarekin", adierazi du Olaia Benitok, Euskaraldiaren Eskoriatzako dinamizatzaileak.

Hamar lagun inguru elkartzen dira kultura etxean, bi astez behin, eta apirilerako eta maiatzerako ekintzak zehazten eta hamaikakoa osatzen ari dira uneotan eskoriatzarrak. "Hamaikakoa osatzearekin batera izen-ematearen sustapena aurrera eramateko ekintzak adosten gabiltza, lotzen; horrez gain, maiatzera begira beste ekintza edo dinamika batzuk adosten ere bagabiltza".

Hamaikakoaren parte

Momentuz Debagoienean bi herritan aurkeztu dute hamaikakoa, Bergaran eta Arrasaten. Aitor Etxezarreta da azken horretako hamaikakoa osatzen duten kideetako bat: 29 urtekoa, Laboral Kutxako langilea, pilotan ibilia eta herriko giroa bizi duena: "Nik euskararekin dudan harremana oso handia da: nire ama hizkuntza da, eta esango nuke nire nortasunaren edo bizitzaren zati inportanteenetakoa dela. Txikitatik transmititu ziguten dena aiton-amonek, gurasoek... hori dena euskarari gabe ezingo litzateke ulertu". Hala, zehaztu du "arduraz eta ilusioz" jaso duela ekimenaren enbaxadore izateko proposamena: "Azkenean, uste dut hamaikako hori osatzen dugun denon helburuetako bat izan beharko litzatekeela bertako euskara berpiztea; horrenbestez, ilusioz eta arduraz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak