Basoak

Debagoieneko zuhaitzen %63,6 koniferoak dira

Txomin Madina Milikua 2025ko ots. 28a, 07:09

Zuhaitz hostozabalekiko aldea Gipuzkoan eta EAEn baino nabarmen handiagoa da Debagoienean. Baso-azalera ere handia da bailaran, portzentajea (%79,7) Gipuzkoakoaren eta Erkidegokoaren zazpi eta hamabi puntu gainetik dago.

Lurraren izaeraren edo erabileraren arabera, baso, nekazaritza, hiri eta ur azalerak ezberdintzen dira. Eustatek emandako 2023ko datuen arabera –eta baso moduan mendiak, larreak, sastrakak, harkaitzak edota zuhaiztiak aintzat hartuta–, baso-azalera handia da Debagoienean (%79,7), Gipuzkoarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoarekin alderatuta; kasu horietan, batez bestekoak %72,4 eta %67,7 dira, hurrenez hurren.

Gauza bera gertatzen da zuhaiztiek hartzen duten azalerari erreparatuz gero ere: Debagoieneko azaleraren bi heren baino gehiago zuhaitzez estalita daude (%69,31). Portzentajea %61,66 da Gipuzkoan; eta %54,8 EAEn. Herrien artetik, Leintz Gatzagak du zuhaiztu gehien (%83,06); %70eko langa gainditzen dute Elgetak (%79,85), Aramaiok (%78,82) Antzuolak (%75,1) eta Oñatik (%73,42); Bergarak (%67,12), Arrasatek (%64,11) eta Eskoriatzak (%62,33) jarraitzen diete zerrendan; eta Aretxabaleta dago azkena (%55,53).

Are gehiago aldentzen da bailarako egoera Gipuzkoakotik eta erkidegokotik, zuhaitz motari erreparatuz gero. EAEn, hostozabalak dira nagusi (%57,6); hostozabalen eta koniferoen kopuruak nahiko parekatuta daude Gipuzkoan –%50,7 eta %49,3–; baina Debagoieneko argazkia oso bestelakoa da: koniferoen kopuruak (%63,6) ia bikoiztu egiten du hostozabalena (%36,4). Espezieen artetik Intsignis pinua da ugariena (%39,1); %17,8 pago arrunta da; eta Larizio pinua, %7,5. Azken urteotan toki batzuetan hainbeste zeresan eman duen eukaliptorik, berriz, ez dago ia gurean.

Jabetza pribatua

Jabetza publikoko azalera ez da erdira ailegatzen, ez EAEn, ez Gipuzkoan, ez Debagoienean. Baina bereziki baxua da bailaran (%12,11). Herrien artetik badira, gainera, batez besteko horren azpitik daudenak ere: Elgetan ez dago batere ia, eta Bergaran, Arrasaten eta Aretxabaletan ez da ailegatzen %5era. Guztiz bestelakoa da egoera Leintz Gatzagan: bertan dagoen baso azaleraren %69,78 publikoa da.

Ekologian doktore Julen Astigarraga oñatiarraren esanetan, "basoak multifuntzionalak dira, baina XX. mendean zehar egur ekoizpena lehenetsi da, bioaniztasunaren babesa edota uraren eta klimaren erregulazioa alde batera utzita. Horregatik dira nagusi koniferoak gure inguruan, egur ekoizpenerako egokiagoak direlako. Baina gaur egun, klima aldaketaren testuinguruan, agian, apustu hori arriskutsua izan daiteke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak