2025eko lan-ildoak aurkeztu ditu EUDELek

Julen Murua Mesonero 2025ko ots. 26a, 16:07

Hamar lan-ildo aurkeztu dituzte udalerriek dituzten erronkei aurre egiteko proposamen gisa.

Tokiko agintaldiaren erdialdean udalerrien erronkei aurre egiteko ekintza-ildoen proposamena aurkeztu zuen EUDELek joan den astean, Agurainen, Euskal Autonomia Erkidegoko herrietako alkate guztiak bildu zituen ekitaldi batean.  Debagoieneko herrietako alkateak ere izan ziren bertan; tartean, Oñatiko alkate eta EUDELeko batzorde eragileko bokala den Izaro Elortza. Haren hitzetan, "Udalen interesen alde" lan egiten dihardute elkarteko kideek. Gainera, poliki-poliki "aurrerapausoak ematen" ari direla ere onartzen du.

3,8 milioi euroko aurrekontua

Ekitaldian 2025eko elkartearen aurrekontu proposamena onartu zen; hala, 3,8 milioi eurokoa izango da EUDELen parte-hartze bidezko aurrekontua; iazkoa baino %2,86 handiagoa. Aurtengo kasuan, 700.000 euro bideratuko dira proiektu estrategikoetara, eta 328.770 euro prestakuntza, berdintasun, euskara eta gobernantza planak egiteko.

Udal-politikak "ezinbestekoak"

Batzar Orokorrean EUDELeko elkarteburu Esther Apraizek egungo ziurgabetasun handiko nazioarteko egoera aipatu zuen, eta Izaro Elortzak adierazi du testuinguru horretan Udalek paper garrantzitsua jokatzen dutela: "Udalak herritarrengandik gertuen dauden administrazioak izanda, berebiziko garrantzia dute beti. Eskumen batzuk mugatuagoak badira ere, badugu eragiteko ahalmena, eta are gehiago, indarrak batzen baditugu. Gure helburua garbia da. Herrien eta herritarren ongizatea bilatzen dugu, eta elkarrekin lan egin beharko dugu beste organo batzuetan ere eragiteko".

Hamar lan-ildo

2025erako ardatzak eta jarduera-ildoak ere aurkeztu zituzten Batzar Orokorrean; eta hain justu, bi ardatz nagusi zehaztu zituzten: udalentzako zerbitzua eta erakundeen arteko lankidetza. Ardatz horiek hamar jarduera-ildo dituzte:

1. Udalerri txikienak: 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrien erronkak aztertuko dira.

2. Toki-autonomia eta finantza-nahikotasuna: Udalentzat betebehar berriak dakartzaten lege guztiek memoria ekonomikoa izan dezaten, erne ibiliko dira.

3. Udalhitz akordioa: 20.000 udal-langilerentzako baino gehiagorentzako hitzarmena eguneratzeko konpromisoa.

4. Pertsonak: Ekintzen artean, honako hauek nabarmentzen dira: gorroto-delituetarako (arrazismoa, antigitanismoa, LGTBIfobia) tokiko jarduera-gida bat egitea; indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateko tokiko protokoloak eguneratzea; zaintza feministen eta erantzukideen tokiko sistemak diseinatzeko eredua; eta, udaletan, emakumeek politikan parte hartzeko Behatokia. 

5. Hirigintza eta Etxebizitza: Etxebizitza edo gela turistikoen erabilera arautzeko oinarri komun batzuk prestatu. 

6. Jasangarritasuna: EEErekin eta Udalsarearekin lankidetza, bereziki energia-komunitateen eta energia-autokontsumoaren arloan.

7. Administrazio arina: Administrazioa Arintzeko eta Digitalizatzeko estrategia delakoan parte hartzea.

8. Euskara: Aisialdian euskara sustatzeko jardunbide egokien dekalogoa egitea.

9. Gobernu Ona eta 2030 Agenda: ELoGE Europako Bikaintasun Zigiluaren VI. edizioa, eta udalei laguntza ematea herritarrak GJHen inguruan sentsibilizatzeko.

10. Europa: Tokiko gobernuen elkarteekin lankidetza, Europan batasuna eta demokrazia indartzeko, kultura- eta hizkuntza-aniztasuna errespetatuz.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak