Mondragon "indartsu" dago 2025era begira, baina industria babesteko neurriak eskatu dizkio Europari

Goiatz Arana Begiristain 2025ko ots. 25a, 18:14

Korporazioak duen produktu, sektore eta geografia dibertsifikazioak "malgutasuna" ematen diela adierazi du Pello Rodriguez lehendakariak, eta horrek "lasaitasuna" ematen diela datorrenari begira. Iazko urteari dagokionez, "oso ona" izan dela azaldu du: "Zifrak ikuskatzeke daude oraindik, baina 11.200 milioi euroko salmentak eta hazkundea izan ditugu".

Goizean egin du agerraldia, Bilbon, Rodriguezek. 2024ko balantzea egin, eta 2025erako aurreikuspenen eta 2028ra arteko bide-orriaren berri eman du.

Urte "oso on" bat izatetik datozela esan du: "2023arekin alderatuta,  industria dibisioan hazkundea %2,2koa izan da, eta banaketan %2,8koa. Finantza arloko datuetara etorrita, berriz, Laboral Kutxak %23ko igoera izan du".

Korporazioaren erreferentzialtasunean ere jarri du azpimarra. Izan ere, munduko kooperatibarik handiena da, eta hemen -arlo pribatuan- enplegatzaile nagusia da Gipuzkoan, Bizkaian eta EAEn; bigarrena, Nafarroan; eta bosgarrena, Espainiar Estatuan.

2025erako "indartsu eta gogotsu"

Etorkizunera begira "indartsu eta gogotsu" daudela azaldu du presidenteak, korporazioaren Ezagutza Dibisioari erreferentzia eginez. Bertan duten teknologia negozioetara eraman nahi dutela azaldu du, negozio berriak sustatzeko, bai Mondragonek bere aldetik eta baita beste batzuen kolaborazioarekin ere. Eta horretarako funtsak jarri dituztela ere gaineratu du: "Alde batetik start-up-etan 15 milioi euroko funts bat agortu dugu eta beste berri batean ere parte hartu behar dugu; lanketan ari gara 15 milioi euro inguruko beste funts batean; eta, azkenik, gure negozioak sortzeko Mondragon Inversiones-eko interes estrategiko korporatiboko proiektuetan ere (PIEC deitzen ditugunetan) 15 milioi euro ditugu esleituta aurten, ea kapaz garen negozio berriak sortzeko, oraintsu Orbik -zibersegurtasunaren arloan- eta Innkia -adimen artifizialaren arloan- sortu ditugun moduan". Eta gehitu du horrekin guztiarekin gizarteari ekarpena egin gura diotela; azken baten, "enplegu duina" sortu nahi dutelako.

"Ziurtasun gutxi"

Trump, muga-zergak edota Alemaniako hauteskundeak tarteko, "zer gertatuko den jakiterik ez" dago, Pello Rodriguezen hitzetan. "Ziurtasun gutxi" dagoela dio eta "kezka handia" dutela, baina "baikor" begiratzen diotela datorrenari: "Malgutasuna dugu. Bai produktu, bai sektore, bai geografian oso dibertsifikatuta gaude eta horrek laguntzen digu negozio bat ondo ez doanean beste batekin konpentsatzen".

Egungo egoeran Europari zer eskatzen dioten galdetuta, Mondragoneko presidenteak adierazi du, bai Imanol Pradales lehendakariak deitutako industriaren defentsa foroan bai ministerioekin egon izan direnetan, Europa mailako erabakiak hartzeko beharra helarazi dietela: "Protekzionismoa ere bai, baina hori esaterakoan ez gara itxieraz hitz egiten ari. Laguntza eskatzen dugu eta, zentzu horretan, burokrazia jaistea eta erabakiak hartzea eta aplikatzea, ahalik eta azkarren".

Etorkizuneko enplegua

Hazten jarraitzen du Mondragonek; hala egin du 2024an ere. 70.500 pertsona dira, gaur egun, korporazioan; eta 2025era begira ere, "poliki, baina hazten jarraitzea" da asmoa. Zentzu horretan, Pello Rodriguezek azaldu du arlo digitalean "behar handia" dutela: "Produktu eta proiektu batzuk transformatu egin behar ditugu eta, horretarako, behar beharrezkoa da profil digitalak gure enpresetan integratzea. Eskasia bat badago eta horregatik daukagu ekosistema berri bat sortzeko proiektua, non profil digitalak formatuko ditugun; eta horrek lagunduko digu lehiakorragoak izaten eta etorkizun hobea izaten". Zerbitzuetara begira gizarte-inklusioa lantzeko helburuarekin beste proiektu bat ere badutela gaineratu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak