Maialen Axpek iaz ezin izan zuen pista estaliko txapelketan esku hartu, baina domekan Gallurren izango da, pertika saltoko finalean. Iaz zilarra irabazi zuen Eneko Carrascal salto hirukoitzean lehiatuko da, eta brontzea jantzi zuen Andoni Calbano 200 metroko lasterketan lehiatuko da. Ez dena egongo Malen Ruiz de Azua da, iazko pertika saltoko txapeldunak erretiroa hartu zuelako denboraldi amaieran. Eta aurretik aipatutako hiru lagunekin batera Ekain Larreak debuta egingo du maila absolutuan, antzuolarra 1.500 metroko lasterketan izango da.
Andoni Calbano bergararrak gaur, egubakoitza, izango du 200 metroko lehenengo txanda (18:55). Zapatuan 18:40an jokatuko ditu finalerdiak eta sailkatzen bada finalak domekan izango dira (11:50). Ekain Larrea antzuolarrak zapatuan 11:20an izango du 1.500 metroko finalerdia, eta, aurrera egiten badu, finala domekan izango du, 12:40an.
Eta domekan lehiatuko dira Arrasateko Maialen Axpe eta Eneko Carrascal, horiek finaletan daude. Emakumezkoen pertikako saioa 11:00etan jokatuko dute, eta gizonezkoen salto hirukoitzeko hitzordua 12:25ean izango du Carrascalek. Lau atleta horien artean Larrea da maila absolutuan debuta egingo duen bakarra, besteek esperientzia dute-eta hitzordu horretan. Txapelketa Teledeportek emango du.