Leintz Bailarako Ekiolako ordezkariek agerraldia egin dute gaur Arrasaten, energia-kooperatibak bertan dituen Garaiako instalazioetan. Izan ere, sei hilabete pasatu dira bertako bazkideak instalazio horretan sortutako energia jasotzen dutela, eta epe horren inguruko balorazioa egin dute. Hala, azaldu dute 500 watteko 2.520 panel daudela Garaiako instalazioan eta 2024ko uztailetik abendura arte, 605.222 kWh sortu zituztela bertan, 300 familiaren beharrak betetzeko moduan.
"Azken hilabeetan gora egin du gure bazkide kopuruak eta momentu honetan 250tik gora dira. Hori horrela, Garaiako instalazioak sortzen duen energiaren %70 esleituta dago bazkideen artean. Geratzen den %30 esleitu ezkero, gutxi-gorabehera, beste 200 familia edo enpresa txiki energiaz hornitzeko aukera egongo litzateke", azaldu du energia-kooperatibako errektore kontseiluko presidente Iñaki Aranburuk.
Aranburuk gaineratu du, era berean, Leintz bailarako Ekiolako bazkideek lehen sei hilabeteetan igarri dutela aurrezpena euren fakturetan: "2024ko uztailetik abendura arteko zergagabeko fakturen kopuruak, 2023ko epealdi berarekin zerga gabeko eta kontsumo berberera egokitutako fakturen kopuruekin alderatzen baditugu, aurrezpena nabarmena da; batez beste, %32koa".
Aurrera begira
Aurrera begira ere jarri dira gaurko agerraldian. Batetik aurreikusten dute 2025ean argindarraren batez besteko prezioa 2024koa baino %20 handiagoa izatea eta ondorioz, Ekiolako bazkideentzat aurrezpena are handiagoa izango dela.
Bestetik, epe ertain-luzera autokontsumorako salto egitea da energia-komunitatearen beste asmoetako bat. "Une honetan energia sortu eta sarera bideratzen dugu eta bazkidearen etxea edo denda Garaiako instalaziotik 2 kilometro baino gehiagora badago, saretik jasoko duen energia hori finkatutako prezio batekin bideratzen zaio fakturara. Orain, baina, bazkide guztiak autokontsumora pasatzeko aukera sortu da eta horretan ari gara lanean. Lortuz gero, %10eko beste beherakada bat ekarriko luke horrek fakturetan", azaldu du Iñaki Aranburuk.
Leintz Bailarako Ekiolaren balioak
Leintz Bailarako Ekiolako errektore kontseiluko idazkari Maite Iturbek, bere aldetik, proiektuak dituen balioak nabarmendu ditu hiru taldetan banatuta: "Batetik, beharrezkoa dugun trantsizio energetikorako pauso eraginkorra da eta duen dagoen ingurunerako inpaktua minimoa, jasangarria da. Bestetik, 0 kilometroko energia sortzen dugu. Eta azkenik, autokudeaketa egiten dugu: guk kontrolatzen ditugu gure kostuak eta irabazi asmorik gabeko enpresa bat izanda, gardentasuna erabatekoa da".
Bazkidetza kanpaina
Leintz Bailarako Ekiola energia-kooperatibako bazkide izateko kanpaina martxan da Arrasaten, Aretxabaletan, Eskoriatzan eta Leintz Gatzagan eta horretarako prozesua 'leintzbailara.ekiola.eus' webgunean hasi dezakete interesa dutenek.
Argibide gehiago gura dutenek, 'info@leintz-bailara.ekiola.eus' helbide elektronikoan edo 688 87 67 60 telefonora jo dezakete.