Bertako zuhaitzen landaketa egin dute Eskoriatzan eta Bergaran

Sara Lanz 2025ko urt. 27a, 16:17

Asteburuan zuhaitz landaketa egin dute Bergaran eta Eskoriatzan. Bergaran San Martzial ermitaren inguruetan 500 zuhaitz inguru landatu dituzte. Eskoriatzan, aldiz, 2024an jaiotako haurren omenez hamar zuhaitz jarri dituzte. 

Irailetik hona zuhaitz landaketa egiten duten bigarren aldia izan da bergararrentzat, adin guztietako 70 pertsonaren artean 500 zuhaitz inguru landatu dituzte. Joseba Susaetak, Kukubasoko kideak, landaketaren helburua Askatsuko iturri osteko herri-lurren artean “konektibitate bat” sortzea izan dela azaldu du.

Zuhaitzak Agirretxebarriko mintegitik ekarri dituzte, eta hazkundea errazteko babesgarriak jarri dizkiete. Susaetak, txorien ongizatea bermatzeko tutuen azpialdeei mozketak egin dizkietela adierazi du: "Askotan tutaren barruan sartzen dira txoriak, eta barruan hegoak zabaldu ezin dituztenez, ez dute ateratzea lortzen. Orduan, guk beti ihesbide bat jartzen diegu tutaren beheko aldean. Horrekin txoriek inongo arazorik ez izatea ziurtatu dezakegu".

Landatu dituzten zuhaitzen artean haritza nagusitu den arren, guztiak bertako basoko zuhaitzak izan dira. Ibai Sanzek, parte hartu duen herritarretako batek, bertako zuhaitzak landatzearen garrantzia azpimarratu nahi izan du: "Basoarentzako onak diren landareak landatzea beti dago ondo".

Asko izan dira zuhaitzak landatzera gerturatu direnak. Ekhi Susaetak, goiz pasa "oso polita" dela esan du, goizari amaiera emateko hamaiketako egon dela gaineratuz.

Haur berrien omenez

Eskoriatzaren kasuan, landaketaren helburua desberdina izan da. Santa Marina gunean, urtero bezala, aurreko urtean jaiotako 19 haurrengatik landatu dituzte zuhaitzak, zortzi familiaren artean 10 zuhaitz jarri dituzte. Saioa Altzuak, Ibarraundi Museoko teknikariak, landatutako zuhaitzen artean aniztasun handia egon dela azaldu du: "Lizarrak, haritzak, gurbitza, astigarrak eta arteak".

Datorren urteari begira, ume berriak eta herrian dagoen lekuaren arabera zuhaitzak landatzen jarraituko dutela adierazi du Altzuak. Zuhaitz landaketa hauei esker, zuhaitz gehiago daude Eskoriatzan eta Bergaran.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak