Azken asteotan batera eta bestera gelditu gabe ari da Arregi oñatiarra. Astelehenean, esaterako, Urrezko Danborra jaso zuen Donostian Moriarti Produkzioak ekoiztetxeko bere kideekin batera. Eta momentuz galdetuta, "oso polita" izan zela esateaz gain, pentsatzen duen bakoitzean oraindik ere "hunkitu" egiten dela gaineratzen du.
Otsailaren 8an banatuko dira Goya sariak Granadan. Eta orduan berriz ere egongo da fokuen azpian oñatiarra, Jon Garañorekin zuzendu duen Marco pelikulak bost izendapen dituelako; tartean, zuzendari eta jatorrizko gidoi onenen sarietarakoak. Gizonezko aktore onenaren eta ile apainketa eta makillaje onenaren sariak irabazteko aukerak dituztela dio, ez ordea beste hiruretan. Eta hori horrela, oraingoz "lasai" dagoela azaltzen du Arregik. Hala, Granadara gozatzeko asmoz joango direla gaineratzen du.
Hurrengoa, 'Maspalomas'
Eta aurreratu du baita ere gutxi geratzen dela Jon Garañorekin eta Jose Mari Goenagarekin zuzendu duen Maspalomas filmaz gozatzeko: udaberri-uda alderako amaituta izatea aurreikusten dute.