Debagoieneko karaoke ikuskizun arrakastatsuena bueltan da. Lehen geldialdia Bergaran egingo du, eta dagoeneko azken entseguak egin dituzte. Edizio honetan ere Beñat Arizabaleta izango da aurkezlea, eta zapatuko entseguan berak eman zizkien emanaldiak hobetzeko azken gomendioak. Sekulako maila dagoela zihoen Arizabaletak, eta nabaritu du urduritasuna parte-hartzaileen artean: "Gogo askorekin etortzen dira haurrak. Azkenean, haiendako sekulako esperientzia da telebistan agertzea, kantuan eta dantzan eurak prestatutako emanaldia ikusteak asko esan nahi du eurendako. Ilusio handiarekin etortzen dira eta hori erakusten dute entseguetan".
Saioko protagonistak gustura agertu ziren egokitu zaizkien abestiekin. Letra ondo ikasi beharra izan dute, eta koreografiak prestatzeko fin-fin ibili dira lanean. Kasu batzuetan gainera, bigarren aldiz hartuko dute parte aurreko edizioko aparteko esperientzia errepikatzeko; beste batzuk, ordea, lehendabizikoz.
Hainbat berrikuntza
Indaberrituta dator Kantari saioaren 9. aldia. Izan ere, kantu berriak estreinatzeaz gain, iruditegi eta eszenografia berria izango du ikuskizunak. Xehetasunak gainetik eman ditu Beñat Arizabaletak, nahiago izan du ikusleek bertatik bertara ikustea: "Irudi berrikuntza egon da. Logotipo berria eta horrek iruditegi berria ekarri du. Bestalde, oholtzako apaingarriak aldatu egingo dira".
Bergarako emanaldiekin hasiko da asteburu honetan Kantari-ren 9. aldia. Horren ostean eginog dituzte Aretxabaletan, Oñatin eta Arrasaten.