Aloña Mendi nagusitu da 3-1 Bergararen aurkako derbian

Imanol Beloki Unamuno 2025ko urt. 19a, 19:28

Ohorezko Erregional Mailako futbol derbia jokatu da gaur, Azkoagainen, Aloña Mendi eta Bergararen artean. Bergararrak goiko postuetan izanda, eta, oñatiarrak sailkapeneko beheko postuetan, Aloña Mendik irabazi beharra zuen, eta eurak gailendu dira, lehenengo zatian sartu dituzten hiru golei esker. Bigarren zatia hasi berri, Bergarak gol ederra sartu du, baina ez da nahikoa izan oñatiarrei garaitzeko. 3-1 amaitu da partidua.

Partidua hasi aurretik, minutu bateko isilunea egin dute aste honetan hil den Aloña Mendi klubeko kide Asier Sagastizabal Sagas gogoan. Asier Aloña Mendi klubeko Lehenengo Erregional mailako talde teknikoko kide zen, eta egindako lan dana eskertu dute Oñatiko klubeko kideek.

Lehen zatian hiru gol sartuta

Partiduko lehen minutuetan aukera gutxi izan dituzte bi taldeek, eta lehen 45 minutuen aurretik erabaki da partidua. Lehen gola Julen Zelaia Txeli-k sartu du. 35. minutuan Jokin
Madinak jaurtiketa bikaina egin du Aloñaren aldeko falta batean, baloiak langa jo, eta Txeli-k lehen gola sartu du. Bigarrena ia segidan iritsi da, 43. minutuan; Joseba Larreak korner baten ostean baloia aurkariaren atean sartuz. Lehen zatia amaitzear zegoela, Gexan Anduagak baloia erdiratu du, eta Julen Zelaiak, buruz, 3-0ekoa egin du. Horrela amaitu da lehenengo zatia.

Bigarren zatian , berriz, bergararrak partida orekatzeko asmoarekin zelairatu dira, eta 50. minutuan lehen gola sartu du Ander Garmendiak korner baten osteko baloia ondo kolokatuta oñatiarren atean sartuz. Horrela, markagailua 3-1 jarri da. Hortik aurrera izan dira hainbat jokaldi, baina, bere horretan geratu da partidua, eta, 3-1eko emaitzarekin, hiru puntuak oñatiarrentzat izan dira.

Mondrak garaipena

Ohorezko Erregional Mailan ari den Mondra taldeak ere garaipena behar zuen sailkapeneko beheko postuetik goraka egiteko, eta, Beasainen aurka 2-3 irabazi zuen etxetik kanpora. 2-0 galtzen hasi arren, markagailuari buelta eman, eta hiru puntuak eskuratu zituen.

UDAk 2-1, etxean

Hirugarrn Mailan ari den UDAk ere garaipena eskuratu du San Viator taldearen aurka, Ibarra futbol zelaian. 2-1 irabazi dute aretxabaletarrek Iriren eta Urtziren golei esker. 1-0eko Irik sartu du 60. minutuan Xabiren pasearen ostean;66. minutuan, berriz, berdinketaren gola iritsi da erdiraketa bat ondo errematatuz. Hala ere, partidua amaitu arretik, Cebrik erdiratu eta Urtzik barrura sartu du baloia 86. minutuan. Hala, 2-1 amaitu da partidua eta hiru puntuak eskuratu dituzte Unai Calzonen mutilek.

Emakumezkoetan Debagoiena Bailak irabazi, Bergarak galdu.

Emakumezkoen Gorengo Erregional mailan, berriz, Debagoiena Bailarak 3-2 irabazi du Aiztondoren aurka, eta, liderrak dira 27 punturekin, bigarren postuan dauden Segura Aizkorri taldearen aurka aldea dutela. Intxaurdiren aurka jokatu du bestalde, Ohorezko Erregional Mailako Bergara taldeak, eta 3-2 galdu dute donostiarren aurka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak