Sare Herritarrak antolatuta, Behin betiko lelopean mobilizazioa egingo dute bihar Bilbon, behin betiko bakea, konponbidea eta elkarbizitza eskuratzeko garaia dela aldarrikatzeko asmotan. Aretxabaletako Sareko kide Txarli Garciak adierazi du, euskal gizarteari transmititu nahi diotela garaia dela konfrontazio garaiak utzitako ondorioak ixteko.
"Gure aldarrikapen nagusia izango da euskal preso, iheslari eta deportatuen aferari irtenbide integrala emateko garaia dela. Guk uste dugu azkenengo hiru urtetan aurrerapauso garrantzitsuak eman direla, baina zoritxarrez, badaude salbuespen legediak indarrean. Bada garaia hori bertan behera uzteko", azaldu du Garciak. Horri gehituta, azpimarratu du biktima guztiendako errespetua, aitortza nahiz erreparazioa lortzeko egingo dutela lan.
Autobusak Debagoienetik
Hala, urtero bezala, autobusak antolatu dituzte Debagoieneko herrietatik Bilbora joateko. Antzuolan 10:45ean eta 15:00etan aterako dira autobusak, geltokitik, eta 11:00etan eta 15:15ean izango dira Bergaran, Torrekuan; Aretxabaletan, 15:15ean, Azben; Arrasaten, 11:00etan eta 14:30ean, Zalduspen; Elgetan, 15:30ean, herriko plazan; Eskoriatzan, 15:00etan, Gorosarrin; eta Oñatin, 10:30ean eta 15:00etan, Mondragon Unibertsitatean.
Oraindik autobus kopuruen datu zehatzik ez dute eskutan, baina Garciak aurreratu du erritmo onean ari direla betetzen. Debagoiendarrei Bilboko mobilizazioan parte hartzeko deia egin die.
Manifestazioa arratsaldean da, baina 12:30ean dultzaineroen, buruhandien, txistularien eta trikitilarien kalejirak hasiko dira Bilboko kaleetan; 13:00etan, berriz, Berakatz Kantuz taldearena, Zamudioko ataritik. Halaber, Sare Herritarrak Bizumkada Nazionala ekimena jarri du martxan urtarrilaren 14ra arte eta herritarrek Sareren jarduerak lagundu ahal izango dituzte ekonomikoki.